Lanpostu publikoen defentsan atera dira gaur kalera sukaldari eta garbitzaileak. 2009tik daramate lan-hitzarmenik gabe.
Sindikatuek pribatizazioaren mehatxua salatu dute; katering enpresa handiek interes handia erakusten hasi dira sektorean. Horren isladatzat jo dute lanpostuen %65 aldi baterakoak izatea dagoeneko.
Ezegonkortasun egoera horren aurrean hainbat aldarri eta eskaera bidali dizkiete erakunde publikoei: bajak ez zigortzea, funtzioen definitzea, sektorearen euskalduntzea edota urteetan zehar behin-behineko lanpostuetan kontratatutako langileak finko egitea.
Grebaren jarraipena handia ari da izaten eskualdeko ikastetxe publikoetan. Langileak hiriburuetan mobilizatu dira. Besteak beste, giza katea antolatu dute hezkuntza delegaritzaren inguruan.
Greba orokorra abenduaren 12an
Gaurko greba hezkuntza publikoan azken hilabeteetan gauzatzen ari diren mobilizazio egutegi barruan dago kokatua. Aurretik itxialdiak antolatu dituzte zentroetan, orain greba sektorialen txanda da. Garbitzaile eta sukaldarien ostean heziketa bereziko langileak aterako dira kalera hurrengo astean.
Mobilizazio egutegiari amaiera emateko greba orokorra deitu dute hezkuntza publikoan datorren abenduaren 12rako.