Greba feminista antolatzeko eskualdeko emakumeen* sareak, martxan

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko ots. 13a, 11:06

Euskal Herriko mugimendu feminista, greba aurkezten. / EHMF

Martxoaren 8an, "Emakumeak* planto" lemapean, lanuzteak eta mobilizazioak iragarri dituzte eskualdean.

Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin du martxoaren 8an gauzatuko den greba deialdiarekin. Eskualdean ere izango du eragina, izan ere, dagoeneko burutu dituzte aurreneko asanbladak. Amurrion eta Laudion, esaterako, hilaren hasieratik ari dira elkartzen hainbat emakume belaunaldi, sareak osatuz.

Asanblada irekiak
Aste honetan antolatuko dituzte herrietako asanblada irekiak. Bihar izango da Amurriokoa, 18:00etan Kultura Etxean, eta ostegunean Laudiokoa, ordu eta toki berean.

Sareak Aiaraldea hedabideari adierazi dionez, martxoaren 8an herrietan egingo dituzte mobilizazioak goizean, eta arratsaldean eskualdeko manifestazioa egingo dute Laudion. 20:00etan izango da zita bateratua, eta herritar guztiei parte hartzeko deia luzatu diete: "Goizeko ekimenak -hots, greba feminista- emakumeena* soilik izango da, baina arratsaldekoa ez".

Grebarako arrazoiak
Grebaren bidez nahi dute ikustarazi emakumeen lana. "Emakumeok lan egiteari utziko bagenio mundua geratuko litzateke", azaldu dute. Lau ardatzetan mahaigaineratuko dute greba: lanarenean, zaintzarenean, hezkuntzan eta kontsumo sisteman.

Iaz 70 herrialdeetan egin zuten emakumeek greba, Argentinan eginiko deialdiari jarraiki. Hortik abiatu da Euskal Herriko mugimendu feminista, Emakumeen Mundu Martxaren asanbladan hartu zuten martxoaren 8a borroka egun bilakatzeko erabakia. Emakumeei asteriskoa gehitu diote, heteropatriarkatuak ezarritako sexu binomiotik -emakume edo gizon- kanpo geratzen diren pertsona, gorputz eta identitateak ere aintzat hartzeko.

Grebarako arrazoiak
Kontsumo greba proposatu dute emakumeekin lotura zuzena duela iritzita: "Emakumeok produkzio sisteman lan prekarioak egiten ditugu, esplotatuak eta jazarriak gara. Gure gorputzak kontsumoarekin lotzen dituzte". Halaber, zaintzaren aitortzaren garrantziari heldu diote, emakumeen esku geratzen den lan inbisibilizatua delakoan. Hezkuntzan, aldiz, kurrikulum ofizialetik "kanporatu" dituztela salatuko dute, emakumeen ekarpen eta lorpenak ez baitira liburuetan agertzen, besteak beste. Azkenik, lan eremuko grebaren bidez, emakume* izate hutsagatik jasaten duten indarkeria bistaratuko dute: lan bera egiteagatik gutxiago kobratzea, baldintza prekarioagoak edukitzea, botere harremanen eragina, eta abar.

Sindikatuek lau orduko lanuzteak deituko dituzte lantokietan, emakumeek greba egin ahal izan dezaten eta mobilizazioetan parte hartzeko aukera eduki dezaten.

Nola bat egin?

Dinamika babesteko hainbat modu proposatu dituzte. Batetik, greba egitea: finean, lantoki eta eikastegietan lanuzteetara batzea. Eta, bestetik, 12:00etan eta 20:00etan tokian toki, egingo diren mobilizazioetan parte hartzea. Zaintza greba ezinezkoa den kasuetan, berriz, amantala edota beste tresnaren bat balkoitik eskegitzeko gonbita zabaldu dute, protesta babesteko keinu gisa. Kontsumoaren atzean dagoen indarkeria salatzeko, berriz, egun horretako erosketak bertan behera uzteko eskatu dute, "langileen esplotazioen eremu baitira". Grebaren hedapenari begira, aldiz, mobilizazio eta aldarriak ezagutarazteko nork bere inguruan mezua zabaltzearen garrantzia azpimarratu dute. Hortaz, emakume ez direnek, "zintzilik" geratzen diren lan eta ardurei helduz adierazi ahalko dute babesa.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide