Bi hitzaldi antolatu ditu Laudioko Gure Esku Dagok, maiatzaren 6an eskualdeko hainbat herritan egingo den herri kontsulta bultzatzeari begira. "Munduko emakumeei" buruzkoa izango da lehena. Maryam Fathi ekintzaile eta errefuxiatu kurduak eskainiko du otsailaren 23an 19:00etan, Erabilera anitzeko udal aretoan.
Bigarren zita hilaren 26an izango da 18:30ean, toki berean. “Duintasunez hiltzeko eskubidea” elkarteko kideak bertaratuko dira, bizi-testamentua zertan datzan azaltzera. "Nork bere bizitzaz eta gorputzaz duen eskubideaz mintzatuko dira, eta bizialdiaren azken unetan askatasunez erabakitzeko eskubideaz, batez ere", azaldu dute Gure Esku Dagoko kideek, "gero, 'Aurretiazko nahiak' agiria zer den azaldu eta nola egin daitekeen irakatsiko da".
Mus txapelketa
Horretaz gain, eskualdeko mus txapelketa antolatu du Aiaraldea Bat erabakiarekin egitasmoak, erabakitzeko eskubideari "ordago" egiteko. Amaitu da dagoeneko bertan izena emateko epea. Aiaraldeko hainbat tabernetan jokatuko dira norgehiagokak.