Greba feminista dela-eta, mobilizazioak egingo dituzte eskualdean

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mar. 3a, 09:59

Eskualdeko mugimendu feministaren agerraldia. / Aiaraldea.eus

Martxoaren 8ko greba feminista dela-eta, hainbat ekintza egingo dituzte Urduñan, Amurrion eta Laudion. 

Aiaraldeko mugimendu feministak agerraldia egin ondotik, hasiak dira herrietan martxoaren 8ko Greba feminista sustatzeko ekimenak. 

Aurrelanketa, martxan
Amurrion, esaterako, kaleen izendegia aldatu dute, emakumeen lana eta lorpenak aitortzeko. Hala adierazi du Otsemeak taldeak: "Kaleen izenak aldatu eta herriko eskulturak amantala eta erratzekin agertu dira! Martxoaren 8an emakumeok planto!". Laudion eta Amurrion, berriz, auzolan egunak egin dituzte azken asteetan. Grebako materiala prestatzeko Laudioko hurrengo deialdia asteartean izango da -martxoaren 6an- 17:00etatik 20:00etara Kultura Etxean. Biharamunean -martxoaren 7an- elkartuko dira Amurrion, Kultura Etxean 11:00etan; eta gaztetxean 17:00etan. Urduñan, aldiz, gaur goizean biltzekoak  dira.

Hala, kaleak aldarriz eta sormenez beteko dituzte eskualdeko feministek martxoaren 8an. Urduñan, Amurrion eta Laudion antolatuko dituzten ekintzak aurkeztu dituzte dagoeneko. Goizez eta arratsez, kalera ateratzeko deia luzatu dute.

20:00etan izango da eskualdeko hitzordu nagusia Laudion, eskualdeko "manifestakzioa". Aurreratu dutenez, mobilizazio alai eta aldarrikatzailea izatea nahi dute. Egunean zehar ez bezala -emakumeak* soilik baitaude deituak lanuzteetara- iluntzeko ekintzan gizonek ere hartuko ahalko dute parte, bigarren planoan beti ere, protagonismoa emakumeena izateko.

Aiaraldea Kooperatibako emakume langile guztiek planto egitea erabaki dute, greba feministara atxikituz. Dena den, egunaren jarraipen berezia egingo du komunikabideak, eta ekintzak herrika jasotzeaz gain, bideoerreportaje berezia argitaratuko du 22:00etan.

Egitaraua herrika
Momentuz, hauek dira herrian herri antolatu dituzten ekintzak. Eduki guztien bilduma ikusgai dago kanal berezian:

URDUÑA

  • 12:00etan elkarretaratzea (Foru plazan)
  • 12:30ean Lapiko burrunbada
  • 19:00etan Emakume Langilearen Nazioarteko Eguneko kontzentrazioa (udaletxe aurrean), Parekidetasun Batzordeak deituta.

AMURRIO

  • Goizean: burrunbada, flashmoba eta bazkari herrikoia
  • Arratsaldean: musika eta mikro irekia; eta "Gune beltzen ibilbidea"

LAUDIO

  • 11:00eta herri apainketa 
  • 12:00-13:00 "Emakumeon* salaketak eta aldarriak", Batzalarrin ingurua emakumez, karritoz eta eskegilekuz bete
  • 12:30ean Lapiko burrunbada (Batzalarrin kaletik hasita)
  • 17:30ean "Gune morearen irekiera", iluntzeko mobilizazioaren prestaketa eta girotze lanak (Batzalarrin kalean)
  • 19:30ean Emakume Langilearen Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea (udaletxean), Solastiarrek deituta. 
  • 20:00etan Aiaraldeko mugimendu feministaren "manifestakzio alai eta koloretsua" (herriko plazatik).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide