Martxoaren 8ko greba feministarekin bat egin dute Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko emakume langileek. Asanbladaren ondotik jakinarazi dute plantoak eguneroko funtzionamenduan izango duen eragina: martxoaren 8an ez da idazkaririk, komertzialik, diseinatzailerik, itzultzailerik, banatzailerik ez eta emakume kazetaririk lanean egongo.
Aiaraldea Ekintzen Faktoriak -Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak- ere atxikimendua adierazi dio ekimenari. Hala, bazkide eta komunitate osoari dei egin dio greba feminista posible izateko aktibo izatera; emakumeei* planto egitera animatuz, eta gizonezkoei zaintza lanei heltzeko eskatuz.
Langileen egoera eta konpromisoa
Aiaraldeko emakume langile guztiek -hots, zazpik- joko dute grebara, egun osoz. Eragile gisa ere babestuko du Faktoriak mugimendu feministaren ekimena. Hortaz, ez ditu ekonomikoki zigortuko grebalariak, erakundearen balioekin bat baitator dinamika; feminismoa baitu lan-lerro, besteak beste, proiektuak. Horrez gain, langile gizon zein emakumeek, eguneko soldata eragile feministei emateko aukera mahaigaineratu dute beharginek.
Ildo beretik, emakumeen lana aitortu eta bistaratzeko, komunikazio baliabideak greba feministaren berri ematera bideratuko dituztela aurreratu dute. Emakumeak eskualdeko ekintzetara gonbidatzeaz gain, gizonezkoei deia luzatu diete eremu pribatuko lanei heltzeko -zaintzari, kasu- martxoaren 8an zein egunerokoan.
Greba indartzeko deia
Soldatapeko eta ordaindu gabeko lana aitortzeko, aste osoan zehar jarraipen berezia egingo du Aiaraldea hedabideak. Protestak indartze aldera, langileek hainbat dinamika jarri dituzte abian. Aiaraldea hedabideak zuzeneko jarraipena egingo du martxoaren 8an hainbat multimedia formatutan. Horrez gain, 22:00etan Greba feministari buruzko bideoerreportaje berezia sareratuko du, eskualdeko emakumeen adierazpen, iritzi, ekimen eta gogoetak bilduz. Oharraren bidez, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak berretsi egiten du egunerokoan komunitate euskaldun, feminista eta eraldatzailea saretzeko konpromisoa.