“Emakumeek planto egitekotan arazo mundiala egongo litzateke”

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mar. 7a, 07:15

Grebara deitzeko hainbat mural jarri dituzte Amurrion. / Otsemeak

Martxoaren 8ko greba feministaren atarian, plantoak hezkuntzan eragin dezakeen “blokeoa” mahaigaineratu dute eskualdeko emakume langile, ikasle eta gurasoek.

Irakasleak, garbitzaileak, jantokiko langileak, ikasleak, gurasoak... Pertsona asko batzen ditu hezkuntza komunitateak. Emakumeek planto egingo balute, ordea, zer gertatuko litzateke heziguneetan? Bailarako hainbat zentrok oharrak bidali dituzte eguneroko funtzionamenduan grebak izango duen eragina azpimarratuz, zerbitzu minimoetara mugatuko baitira hala Laudio Ikastolan nola Urduñako Herri ikastetxean. Hari horretatik tiraka, hezkuntzako hainbat korapilo identifikatzeko bildu ditugu zenbait irakasle, guraso eta ikasleren iritziak.

Irakasle gehienak dira emakumeak
“Emakumeek planto egitekotan arazo mundiala egongo litzateke”, erantzuna argi du Itziar Urkijo Cela unibertsitate irakasleak. Egun, genero ikerketetan dihardu lanean. “Planto egitearen ondorioz gizartea geratzea litzateke, alderdi asko behintzat, bai”.

Leire Gorostizaga arrankudiagarrak Lehen Hezkuntzan irakasten die etorriberriei hizkuntza, "bereziki euskara". Gehiengoa -nabarmenki- emakumezkoa dela-dio: “Gutxi gora behera 55 klaustrokide gara, hezkuntza komunitateko bestelako partaideak kontuan hartu gabe, eta horietatik 6 baino ez dira gizonezkoak, Haur Hezkuntzan bakarra. Beraz, atera ondorioak!”. Dena den, sexuen araberako rolak edo funtzioak ez dituztela azpimarratu du. Aniztasuna beharrezkoa eta aberasgarria da, Gorostizagaren iritziz: “Azken urteetan Lehen Hezkuntzara geroz eta irakasle mutil gehiago datoz, eta eskertzen da. DBH eta unibertsitatean kopurua parekideagoa dela esango nuke, baina hezkuntza lanak emakumeen gain geratu dira”.

Maria Jesus Ugarte aurrejubilatua da, gurasoa eta Laudioko irakasle ohia. Orain etxeko-langilea da. “Denbora antolatzen entrenatzen nabil une hauetan. Emakumeak geratuko bagina, mundua ere bai”, dio. Izan ere, ikusten ez diren ia gauza guztiak emakumeen esku daude, haren esanetan, “eta bistan ez dauden asko ere bai”. Horien adibidetzat ditu hainbat lan-eremu: irakaskuntza, zaintza... Hori dela eta, grebak izugarrizko eragina izan lezakeela pentsatzen du: "%90 etengo litzateke gutxienez Haur eta Lehen Hezkuntzetan, eta DBHn ere asko. Dena geratuko balitz, haur eta gazte asko zintzilik leudeke ere, eta jendartean ez daude horri aurre egiteko baliabide eta egiturarik”. Hala ere, beste gizarte batzuk aurreratuago daudela iritzi arren, baikorra da Ugarte: “Badira kristalezko sabaiak -hauskorrak- eta ikusezinak ere. Noiz ez dakit baina lortuko dugu, apurka-apurka bagoaz eta”.

Antzerakoa da Gemma Corbellaren ikuspegia ere. Okondoko eskolako irakaslea da, baita jantoki arduraduna ere. “Eskola txikia denez, denetarik egin behar da”, aipatu du. Guraso eta hezitzaile den aldetik, argi du sexuaren araberako rolak oso barneratuta eta normalizatuta daudela, “egunero ikusten da gela barruan, ume txikien jarreretan edota portaeretan”. Haur eta gazteen hazkuntzan nabaritzen du aldea gehien: “Haur Hezkuntzan , adibidez, langileen ehuneko oso altua gara emakumezkoa -Okondo Eskolan %100-, eta sozialki prestigio gutxien duen irakaskuntza etapa da, zaintza eta hezitzailearen lanarekin lotu izan delako beti. Aldiz, goiko etapetan gizonezkoen kopurua nabarmen igotzen da. Honen arrazoi bat, zein izan daiteke, prestigio eta botere arazo bat, akaso? Maila horietako irakasleen lana jakituriaren transmisioarekin lotu egin da”.

Zaintzaren alorrari helduz, Corbellak argi du lan handia dagoela egiteke, “ingurutik eta norbere etxetik hasita”. Erantsi duenez, seme-alaben erreferente nagusiak helduak izanik, genero-rolak oso barneratuta daude eguneroko bizimoduan: “Zaintzaren zama, oraindik, emakumearengan dago nagusiki, ume eta gure nagusien zaintzan”.

Soluzioei buruzko gogoetak
Soluzioez galdetuta, bide asko jorratu behar direla uste dute denek. Leire Gorostizagak, esaterako, hezkuntza-sistema du oinarri: “Nik uste eskolan tratu onak, aniztasunari errespetua eta hezkidetza lantzea oso garrantzitsua dela”. Itziar Urkijok, berriz, grebarekiko jarrera aktiboa azaleratu du: “Egoerari buelta emateko zer egin? Planto, gure presentzia adierazi. Hemen egon behar dugu, baina egoera egoki batean, ez orain arte bezala. Heldu da garaia planto egin eta gure lekua aldarrikatzeko”.

Gizartea eredua aldatzea da irtenbidea, Gemma Corbellarentzat: “genero eta sexu -estereotiporik gabeko hezkuntza bat izan beharko genuke”. Ikasle txikienekin parekidetasuna egongo balitz eskoletan, gizonezko gehiago baleude lanean, lagungarria izango litzateke haurren pertzepzioa aldatzeko, ezta?".

Iratxe Letona Pastorrek, aldiz, hezkuntza feminista eraikitzeko deia luzatu du, ikasle mugimendutik bideratutako lanuzteetara batuz: "Sistema cis-heteropatriarkalak ezarritako hezkuntza apurtzeko beharrezkoak da ikastetxeetan erronka txikiak zehaztu eta aldaketak proposatzea".

Greba feministarekin, hortaz, etapa berri bat hasi baino ez da egin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide