Langileek lan-hitzarmenaren harira hartutako ezezko erabakiari erantzun dio Tubacexeko zuzendaritzak. Enpresako buruzagiek azaldu dute 2012tik hona 90 milioi euroko inbertsioa egin dutela enpresa-taldearen lantegietan, “zuzendaritzaren konpromiso eztabaidaezinaren seinale”. “Enplegu zuzena” mantendu eta “anbizio handiko aurrejubilazio plana” gauzatu dutela gaineratu du zuzendaritzak, “langileen soldatak matendu eta modu jarraituan hobetzearekin batera”.
Hori dela eta, zuzendaritzak azaldu du lan-hitzarmen hori dela eskaini dezakeen gehiengoa. “Oso mesedegarria iruditzen zaigu akordio hau horren zaila den sektore honetan diharduten langileentzat”.
30 egun
Horregatik, enpresak iragarri du 30 egun izango duela hitzarmena mahai gainean. Epe hori igarota langileek akordioa onartzen ez badute zuzendaritzak ez ditu bere gain hartuko dokumentuan zehaztutako konpromisoak. “Inbertsioetan, aurrejubilazio planetan eta enplegu finkoan eragin zuzena izango luke horrek”, jakinarazi dute.
Horregatik, “hausnarketarako gonbita” luzatu diete behargin guztiei. “Espero dugu emandako epeak balio izatea hitzarmen proposamena behar bezala baloratzeko”.