Tubacex enpresako zuzendaritzak aurretik iragarritakoa bete du eta langile ordezkariei jakinarazi die ez duela ezer negoziatuko. Hau da, beharginek babestu ez zuten lan hitzarmena dela bere muga, eta emandako 30 eguneko epea igarota, eskaintza erretiratuko dutela.
Horren aurrean, STAT, USO eta LAB sindikatuek erabaki dute greba egitea apirilaren 13an, hurrengo ostiralean, alegia. Langile antolakuntzek, zuzendaritzaren jarreraren arabera, ez dute baztertzen beste bi lanuzte gehiago egitea.
STATek, USOk eta LABek lehenetsi dute ahalik eta lasterren erantzutea Tubacex enpresako zuzendaritzari, emandako epea agortu baino lehen. ELAk, CCOOk eta Independenteek, ordea, ez dute, momentuz, deialdia babestu. Enpresan ordezkari gehien duten sindikatuek jakinarazi dute erabaki bat hartu baino lehen, afiliatuekin eztabaidatu behar dutela grebara jo edo ez.