Iragan apirilaren 13an 24 orduko greba batekin ekin zioten Tubacexeko langileek mobilizazio-egutegiari. LABek, USOk eta STATek oso positiboki baloratu zuten lehenengo lanuztearen jarraipena.
Ordea, Tubacexeko zuzendaritzak oharra zabaldu zuen atzo langileen artean, grebaren jarraipena %28ean kokatuta, eta hainbat hedabidetan zabaldutako %70eko babesa gezurtatuta. Zuzendaritzak dio apirilaren 13ko fitxaketa sistema ofizialetik ateratako datuak direla oharrean aipatzen dituenak.
Zifra horiek eskutan, zuzendaritzak uste du langileen gehiengoa LAB, USO eta STAT sindikatuek abiatutako presio neurrien eta horiek sortutako "tentsio egoeren" aurka azaldu dela.
Bide horretan, ELA, CCOO eta independenteekin adostutako hitzarmena "modu egokian baloratzera" gonbidatu ditu beharginak eta gainontzeko sindikatuak. Hitzarmena onartzeko epea apirilaren 22an bukatzen dela gogorarazi du baita ere.
Adostasunik egon ezean, apirilaren 22tik aurrera "ziurgabetasun epea" zabalduko dela ohartarazi du; inbertsioak, aurretiko erretiroak eta enplegu neurriak mehatxupean jarriz.
LAB, USO eta STAT sindikatuek mobilizazioekin jarraituko dute
Hitzarmenaren aurka azaldu diren sindikatuek ez dituzte sinesgarritzat jo enpresako zuzendaritzak zabaldutako greba jarraipen datuak. Hauen esanetan "lan uzteak askoz jarraipen handiagoa izan zuen" eta horren adibidetzat jo dituzte ostiralean funtzionamendu gabe egon ziren enpresako sailak.
Parte hartze datuez gain greba beste termino batzuetan baloratzeko beharra ere mahaigaineratu dute, "beharginen faltak linea ugariko produkzioa zeharo eten baitzuen".
Horrez gain, irregulartasunak antzeman zituzten greba deitu zuten sindikatuek, lanuztea egiten zeuden hainbat langileren lan-postuak ordezkatuak izan baitziren. Kasu horiek ikertzen dabiltza LAB, USO eta STAT sindikatuak eta salaketak jarriko dituztela iragarri dute.
Bien bitartean, langileen mobilizazioek aurrera jarraitzen dute. Apirilaren 20 eta 23rako greba deialdiak egingo dituzte berriz ere.