Positiboki baloratu du LABek iragan apirilaren 16ko greba deialdia. Biharko eta astelehenerako deituak dauden lanuzteetan parte hartzeko deia luzatu dute orain, zuzendaritzak negoziatzeko eskaerari egindako ukoaren ostean.
Oharrean LABek gogor salatu du ELA, CCOO eta independienteen papera. Atzo, apirilak 18, enpresako indar sindikal guztiak elkartu ziren LABek, USOk eta STATek deituta, "mobilizazio plan bateratu bat lantzeko asmoz". Adostasunak lortzea ezinezkoa izan zela adierazi dute sindikatu abertzaleko kideek. Salatu dutenez, gehiengo sindikala diren ELA, CCOO eta Independienteak "grebaren aurka biziki lan egiteaz gain, langileei ez diete inolako eskaintzarik egin".
Hilabete igaro da behargin gehienak, langileen asanbladan, gehiengo sindikalak zuzendaritzarekin adostutako lan-hitzarmenaren aurka azaldu zirenetik. Mobilizazioetan partaide ez izateak "zuzendaritzaren jarrera indartzea dakarrela" dio LABek eta mobilizazioak"konponduko dituela "langileen eguneroko arazoak: prekarietatea, malgutasuna, mugikortasuna...".