STAT, LAB eta USOk deitutako greben bigarren egunari ekin diote hainbat langileek gaur, eta astelehenean ere lanuztea egingo dute.
Bitartean, Tubacex enpresako zuzendaritzak zenbait hedabide baliatu du jakinarazteko, momentuz, ekoizpena hobetzera bideratu behar zuen 25 milioi euroko inbertsioa eten duela. Zehazki, faktorien instalazioak moldatzeko 2020. urtera arte gauzatu behar zituen aldaketak ez ditu egikarituko, egonkortasun falta argudiatuta.
Negoziazioak
Beharginen eta zuzendaritzaren tirabira hitzarmen kolektiboaren ondorioz piztu da. Izan ere, ELA, CCOO eta Independenteek akordioa sinatu zuten enpresarekin, baina langileen batzarrean ez zuten onartu, aurkako boto gehiago jaso baitzituen.
Tubacexeko arduradunek 30 eguneko epea eman zuten langileek hitzarmena onartzeko, azalduta ez zutela eskaintza hobetuko. STAT, LAB eta USO sindikatuek, akordioaren kontrakoek, greba egin zuten duela astebete eta gaurko zein astelehenerako ere deitu dituzte lanuzteak.