Gutuna bidali die Tubacexeko zuzendaritzak enpresak Laudio eta Amurrion dituen fabriketako langileei. Behargin guztiek jaso dute eurei pertsonalki zuzendutako gutuna, enpresako operazio zuzendaria den Celestino Danisen izenean.
ELA, CCOO eta Independenteekin adostutako akordioaren defentsa egin du Danisek, eta azpimarratu du Laudio eta Amurrioko langileenak direla Tubacex taldeko soldatarik altuenak. “Taldeak lantegiak ditu Estatu Batuetan, Austrian, Italian eta Indian, eta fabrika horietako lan baldintzak oso ezberdinak dira”.
Aipatu beharra dago Danisek dioena ez dela egia, soldata altuenak enpresaren zuzendaritzako kideek jasotzen baitituzte. Jesus Esmorisek, adibidez, 462.000 euro jaso zituen iaz, administrazio-kontseiluko kide izate hutsagatik, Espainiako Balore Merkatuen Batzorde Nazionalak argitaratutako datuen arabera.
Hala eta guztiz ere, Danisek nabarmendu du gehiengo sindikalarekin adostutako akordioak “inpaktu handia” ekarriko lukeela enpresaren kosteetan eta gaineratu du LAB, USO eta STATek eginiko eskaerak ez direla onargarriak, “enpresa-taldeko fabriken arteko lehiakortasunaren eta, ondorioz, guztion interesen aurka doazelako”.
Grebak direla eta
Zentzu horretan, zuzendaritzako kideek adierazi dute ez direla batere justifikagarriak LAB, USO eta STATek deitutako 24 orduko hiru lanuzteak. Celestino Danisek ziurtatu du greben jarraipena txikia izan dela, “langileen %24ak egin du bat deialdiarekin, bataz beste”. Hala ere, operazio zuzendariak aitortu du lanuzteek eragina izan dutela lantegien ohiko funtzionamenduan. “Nabarmendu nahi dugu horrelako inpaktuek ez dakartela ezer onik lantegien etorkizunarentzako”.
Tubacexek dituen irabaziak direla eta
Tubacexeko buruzagiek ez dute gogoko enpresak eta zuzendaritzako kideek dituzten irabaziei buruzko albisteak argitaratzea. Hori ondorioztatu daiteke gutunean horri buruz diotena irakurrita: “Askotan entzuten dira Tubacex taldeak dituen irabaziei buruzko albiste eta komentarioak. Zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu irabazi horien zati handi bat lantegietan eta gure etorkizunerako proiektuetan inbertitu dugula”. Hala ere, “ezegonkortasun egoera” medio, Laudio eta Amurrioko lantegietan aurreikusiak zituzten inbertsioak gelditu dituztela gogorarazi du Celestino Danisek.