STAT, LAB eta USO: "Gainerako sindikatuek lagundu dute Tubacexen greba eskubidea urratzen"

Aitor Aspuru Saez 2018ko api. 25a, 13:30

Bilbon egin dute prentsaurrekoa.

Hala ere, STATek, LABek eta USOk ziurtatu dute prest daudela ELA, CCOO eta Independenteekin elkarlanean aritzeko hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokan.

STAT, LAB eta USO sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, Tubacex enpresan indarrean dagoen lan gatazkaren balorazioa zabaltzeko.

Aipatutakoen artean, nabarmentzekoa da salatu dutela ELAk, CCOOk eta Independenteek lagundu dutela enpresa grebalarien lanpostuak ordezkatzen apirilaren 13an, 20an eta 23an egindako lanuzteetan. Greba urraketa hori Lan Ikuskaritzaren eskuetan dago orain.

Hori ez ezik, hurrengoa ere leporatu diete ELAri, CCOOri eta Independenteei:

  • Batzar informatiboak egitea ukatzea, langileen arteko eztabaida sustatzeko, hauen egitekoa akordioa berreste hutsera mugatuta.
  • Mobilizazioetan zuzendaritzaren alde kokatzea.
  • STAT, LAB eta USOren aurka egitea, zuzendaritzaren kontra agertu beharrean, azken hau baita bozen emaitza onartu ez duena.
  • Langileen kolektiboari alternatibarik ez eskaintzea.

Greben balorazio positiboa
STATek, LABek eta USOk uste dute grebak emaitza positiboak eman dituela, langileek aurre egin diotelako enpresaren negoziazio ereduari eta ekoizpen lerro nagusiak gelditu direlako.

Zuzendaritzaren jarrera: mehatxuak
Halaber, sindikatuek enpresaren jarrera salatu dute, euren aburuz, ondoeza eta ziurgabetasuna sortzen saiatzen ari baita inbertsioak kolokan jarrita. Era berean, mehatxuak eta xantaiak erabili dituztela gaineratu dute.

Horrez gain, langile ordezkariek adierazi dute zuzendaritzak hainbat gai ekidin dituela negoziazioan inposaketa bitartez: "Adibidez, dagoen behin-behineko tasa izugarria murriztea, kontrataziorako sistema objektiboa definitzea, finkoak bihurtzeko irizpideak definitzea -antzinatasuna, gaitasunak…-, malgutasuna murriztea, aparteko orduak galgatzea edo soldata eskala bikoitzak ezabatzea, bai soldatei dagozkienak eta baita promozioei dagozkienak ere".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide