Geroz eta ikasgela gehiago daude eskualdean, dagoen beharrari erantzunez

Txabi Alvarado Bañares 2018ko api. 30a, 17:28
Auzolanak egiten ari dira Laudioko Lamuza Parkean okupatutako espazioan ikasgela bat atontzeko. Beheko argazkia: Jon Catalan

Ikasleek talde lanak egin edo azterketak prestatzeko espazioak behar dituzte. Ikasketa-garaian jendez betetzen dira udal-liburutegiak, horrelako espazioekiko dagoen beharraren seinale. Herri batzuetan ordutegi bereziak prestatzen dituzte. Beste batzuetan, aldiz, espazio berezituak atondu dituzte ikasleentzat. Laudioko gazte talde batek Lamuza Parkeko Kultur Etxeko espazio huts bat okupatu berri du, “ikasketa kritikorako” gune bat eraikitzeko. 

Iragan apirilaren 13an Laudioko Lamuza Parkeko Kultur Etxeko espazio huts bat okupatu zuen gazte talde batek, bertan ikasgela bat atontzeko helburuarekin. “Gutxi dira ikasteko aukerak eskaintzen dituzten espazioak, are gutxiago ikasketa modu kritikoan sustatzen dutenak”, azaldu zuten okupazioa iragartzeko plazaratutako irakurketan. Gauzak hala, ikasgela xede horretara bideratua egongo dela jakinarazi zuten.
Bilera ireki eta auzolan ugari egin dituzte azken asteetan, proiektuari forma ematen hasteko. Iragan asteburuan, adibidez, bertso-afari bat egin zuten, egitasmoa finantzatzeko.

PSE-EE eta PP, aurka
Laudioko PP eta PSE-EEko kideek prentsa-oharrak plazaratu zituzten iragan astean, okupazioaren aurka zeudela adierazi eta udalari “hartu beharreko neurriak” exigitzeko. Alderdi Popularreko kideek ohartarazi zuten udalak ezer egin ezean eurak arduratuko zirela espazioaren desalojoa gauzatzeko erabakiak hartzeaz.
Alderdi sozialistako kideek, aldiz, ikasgelaren “autogestio proiektuaren aurka” zeudela azpimarratu zuten, “Lamuza parkearen profesionalizazioa” aldarrikatzearekin batera.

Udalaren erantzuna
Iragan ostiraleko prentsaurrekoan azaldu zuen udal-gobernu taldeak bere jarrera. Espazioa okupatu zuten gazteekin bilduko zirela jakinarazi zuten, “euren iritzien berri jaso eta, era berean, udalaren iritzia helarazteko”. Zentzu horretan, udal-gobenuko kideek adierazi zuten ez zutela “desalojo polizial bat” sustatuko.

Ikasgela ugari eskualdean
Garrantzi handia dute ikasteko espazioek eskualdeko ikasleentzako. Azterketa garaian udal-liburutegietara joatea baino ez dago halako espazioen beharraz jabetzeko. Hori dela eta, liburutegi askotan ordutegi bereziak izaten dituzte ikasketa-garaian. Hala egiten dute Laudiokoan, adibidez. Iaz 299 egunez egon zen udal-liburutegia irekita, eta horietako 32 azterketa garaian izan ziren, udalak emandako datuen arabera.

Antzeko zerbait egiten dute Amurrion. Udal liburutegia maiatza eta ekaineko asteburuetan zabaltzen da ikasgela moduan. Horrez gain, El Reforren ere badago ikasteko aukera, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:30etara.

Arrankudiaga-Zolloko Udalak lonja bat du alokatuta herriko elizaren aurrean. Bi gela ditu, ikastaroak egiteko bata eta ikasgela bezala erabiltzeko bestea. Udalean giltza eskatuta erabili daitezke biak.

Urduñan, aldiz, bi ikasgela daude: taldekako lanak egitekoa eta ixilik ikasteko gela. Biak daude Alondegian eta astelehenetik ostiralera erabili daitezke, goizez (10:00-13:30) zein arratsaldez (16:30 – 20:30).

Orozkon, aldiz, gaztetxokoa baliatzen da azterketa garaian ikasteko gune gisa. Eskualdeko beste herri batzuetan, aldiz, ikasgelak eraikitzeko asmotan dabiltza. Artziniegan udaletxe zaharrean atondu nahi dute, Gazte Txokoaren barruan.

Luiaondon, aldiz, Pakita Etxean kokatuko dute. “Diru laguntza eskatu diogu horretarako Arabako Foru Aldundiari”, jakinarazi du Gentza Alamillo Aiarako alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide