Tubacex taldeak %28,3an hobetu ditu salmentak 2018ko lehen hiruhilekoan

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 9a, 09:01

Ordezkari politikoen bisitak ohikoak dira eskualdeko Tubacex enpresako lantegietan. / irekia.eus

168,5 milioi euroko salmentak egin ditu 2018ko urtarrilean, otsailean eta martxoan. Horri esker 15,8 milioi euroko etekinak lortu ditu, iaz baino %21 gehiago, alegia.

Tubacex enpresak jakinarazi duenez, merkatuko tokia hobetzen ari da azken urteotan egindako estrategia aldaketari esker. Horren ondorioz, aurtengo lehen 3 hilabeteek nabarmen gainditu dituzte 2017ko emaitzak. Izan ere, 168,5 milioi euroko salmentak izan dituzte, iaz baino %28,3 gehiago.

Hori dela medio EBIDTA -etekin kopurua gastu finantzarioak ordaindu baino lehen- 15,8 milioi eurokoa da. Horrekin, iazko datuak %21 gailendu dituzte.

Ekoizpen egitura
Gauzatu dituzten aldaketen artean, garrantzitsuena da Indiara bideratu dutela hodi arrunten ekoizpena. Horrela, Europan produzitzen dira balio gehigarria dutenak.

Horrez gain, Estatu Batuetako faktoriak indartu dituzte inbertsioen bidez, Donald Trumpen gobernuak zergak igotzekotan, arazoak ekiditeko.

263,1 milioi euroko zerga finantzarioa
Enpresak adierazi duenez, zerga finantzarioa 263,1 milioi eurokoa izan arren, hurrengo 3 urteko ordainketei aurre egiteko bitartekoak dituzte.

Zorrak zerikusia du stockean dituzten eskaerekin, 60 milioikoak baitira. Hala ere, "oso errentagarriak" izango direla ziurtatu du taldeak. Berez, hurrengo hilabeteetan stock horiek saltzea espero dute.

Tubacexen jarduera gehiena, %47, alegia, gas eta petrolioaren ustiapenera bideratuta dago. %17 elektrizitatea sortzeko merkatuan erabiltzen da. Ildo beretik, Txinako petrolio-findegi baten eskaera ere nabarmendu dute.

Gatazka eskualdean
Emaitza on horiek bat egin dute Aiaraldean langileen eta zuzendaritzaren artean dauden tirabirekin. Izan ere, apirilean grebak deitu zituzten beharginen batzarrak aurreakordioa atzera bota eta gero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide