Lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen askapenerako borroka eguna izango da maiatzaren 17a. Nazioarteko egunak Aiaraldean ere izango du eragina. Laudioko Ikasleak Zorrotz-ek paroak deitu ditu ikastetxeetan sexu aniztasuna azaleratzeko. Aiaraldea hedabideari adierazi diotenez, sexualitate anitzak plazaratzeko auzolana egingo dute goizean; eta aldarriak kaleetara eramango dituzte ondoren.
Eskualdeko manifestazioa
Aiaraldeko Mugimendu Feministak, berriz, manifestazioa deitu du 19:00etan, Juan Urrutia plazatik abiatuta.
Ekimen gehiago egongo direla aurreikus liteke, hala ere. Laudioko Udalak kiroldegiko eskailerak koloreztatu zituen duela gutxi, eta Amets Meatza zinegotziak aurreratu zuen ez dela aldarrikapenerako ekintza bakarra izango. Amurrioko Udalak ere, herriko plazako bankuak margotu zituen helburu berarekin, duela zenbait hilabete.