Udaleku eskaintza oparoa antolatu duzue udari begira. Zer dela eta?
Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren hezkuntza ildoak udalekuak antolatu ditu haur eta familiei udan balioetan eta euskaraz gozatzeko aukera eskaini nahi diegulako. Haur eta gazteen parte hartzea, sormena, esperimentazioa eta hezkidetza izango dira udalekuetako oinarriak.
Hezkuntza ildoak garatu nahi dituen balio eta hezteko moduen isla izan nahi dute udalekuek.
Hezkuntzaren bidez eraldaketa bultzatzea duzue helburu. Nola? Zer funtzio betetzen dute udalekuek helburu horren barruan?
Eraldaketa bizitzaren esparru guztietan eman behar da, eta guretzako aisialdia oso momentu ona da eraldaketa bultzatzeko. Haur eta gazteek aisialdi hezitzaileaz gozatzea da gure helburua eta norberaren beharretara, nahietara eta gustuetara hobekien doitzen zaien espazioa izatea nahiko genuke.
Udalekuak haur, gazte zein familien aisialdian egiten diren ekintzak izanik, momenturik egokiena dira hainbat gauzen inguruan hausnartzeko eta eraldaketa emateko. Haur eta gazte kritikoak eta ahaldunduak hezi nahiko genituzke eta hau aisialdian, gozamenez eta ondo pasatuz askoz ere errazagoa da.
"Eraldaketa bizitzaren esparru guztietan eman behar da, eta guretzako aisialdia oso momentu ona da eraldaketa bultzatzeko"
Oso eskaintza anitza osatu duzue udari begira.
Adin guztietarako eskaintza antolatu dugu, haur, gazte eta familientzako. Gure zutabeak honakoak dira: euskara, partehartzea, jolas librea, autonomia eta botererik gabeko harreman intergenerazionalak. Alde batetik, mugimendu askea eta sormen udaleku irekiak ditugu, Laudioko Gardea auzoan dagoen Faktorian garatuko ditugunak. Bertan hainbat txokotan haurrek egunero izango dute zer egina. Modu autonomoan joango dira txoko ezberdinetatik pasatzen (sormen txokoa, esperimentazio txokoa, arte eszenikoen txokoa, txoko lasaia, eraikuntza txokoa…).
Bestetik, Urduñako Santa Clara monastegian garatuko ditugun agroekologia udalekuak daude. Udaleku hauetan hainbat elikagaien prozesu eta ekoizpena ezagutuko dugu. Elikagai horiek produzitzen dituzten ekoizleak ere ezagutuko ditugu. Gainera, beraien produktuak sukaldatuko ditugu eta modu horretan elikatuko gara.
"Adin guztietarako eskaintza antolatu dugu, haur, gazte eta familientzako"
Bestetik, familian euskaraz gozatzeko familia udalekuak antolatu ditugu Lapuebla de Labarcan. Arabar errioxak eskaintzen dizkigun paraje zoragarriak ezagutuko ditugu eta familian harremanak egiteko aukera izango dugu. Asteburu bikaina pasatzeko aukera izango dugu horrela.
Azkenik, "Gazte Ibiltari" udaleku ibiltariak antolatu ditugu eskualdeko gazteentzako. Tertangan hasi eta Arrankudiagararte joango gara. Hainbat etapa osatuko ditugu eta azken egunean Arrankudiagan jai bat antolatuko dugu guztion artean.
Nortzuk arituko zarete udalekuen antolakuntzan?
Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren hezkuntza lantaldeak antolatu ditu udalekuak. Hezitzaileak eta hezkuntzaren munduan murgildutako hainbat pertsona biltzen gara bertan. Esperientzia handiko jendea dago udaleku hauen atzetik eta baita udaleku hauetako hezkuntza proiektuaren zein pedagogiaren lanketan ere.
Egiten den eskaintza lantaldearen lanketa handi baten ondorioz sortu egin da. Irailetik lanean gaude Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren hezkuntza ildoaren arlo pedagogikoaz hausnartzen. Hausnarketa horien guztien isla izango dira udalekuak.
Gainera, udalekuek ideia horiek praktikan jartzen utziko digute eta hausnartzen gaudena baloratzen lagunduko digu horrek.
"Haur eta gazteak izango dira udalekuak goitik behera antolatuko dituztenak, euren beharretara moldatuaz"
Zerk bereizten du zuen eskaintza udan egon daitezkeen beste eskaintza batzuetatik?
Guk antolatu ditugun eskaintza guztiei balio erantsi bat jarri diegu. Alde batetik, haur eta gazteen parte hartzean oinarrituak egongo dira. Haur eta gazteak izango dira udalekuak goitik behera antolatuko dituztenak, euren beharretara moldatuaz.
Bestetik, udaleku bakoitzak bere ezaugarri propioak izango ditu. Sormena eta autonomia izango dira udaleku irekien balio erantsia, eta agroekologiaren mundua eta elikagaien ekoizpen ekologikoa, aldiz, udaleku itxienak. Familia udalekuak eta udaleku ibiltariak eskaintza berritzaileak dira eskualdean.
Udalekuak dira Aiaraldea Ekintzen Faktoriako hezkuntza ildotik abiatu duzuen lehen ekimen publikoa. Zer beste proiektu dituzue esku artean?
Udalekuak dira Aiaraldea Ekintzen Faktoriak antolatu dituen lehen ekintza indartsua baina ez lehena. Lehen esan bezala, irailetik gaude hezkuntzaren ildoan lanean. Lehen ekimena barne mailakoa izan zen, Zuhatzako uhartera joan ginen. Horren ostean hainbat udaleku eta jai antolatu ditugu: Urduñan, Amurrion, Arakaldon, Laudion… Hezkuntza ildoaren katalogoa ere aurkeztu egin dugu eta jendeari aurkezten ari gara orain.
Horrez gain, Diskotxantxa haurrentzako ikuskizuna ere prestatu dugu herriz herri mugitzeko.
Proiektu eta erronka ugari ditugu aurretik. Hezkuntza modu integralean lantzea dugu helburu eta, aisialditik hasi garen arren, gure balioak eta oinarriak hezkuntzaren hainbat alorretan garatu nahiko genituzke.