Igandean egingo da Aiaraldea zeharkatu eta Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituen giza katea. Zer moduz zabiltzate antolakuntzan?
Prozesua duela hainbat hilabete hasi zen. Azken aste hauek askoz mugituagoak izaten ari dira. Amurrion soilik 1.000 pertsona saretu behar ditugu, eta horrenbeste jendera heltzea ez da bat ere erraza.
Baina horretan gabiltza, gure baliabideak erabilita aldarria herrian hedatzen. Aste honetan kilometroak prestatzen aritu gara, jendea nola mugituko dugun pentsatzen.
Zenbat pertsona mobilizatuko dira Aiaraldean guztira?
Arrankudiaga-Zollon hasiko da Aiaraldeko zatia, eta Luiaondon Aiara, Okondo eta Artziniegako jendeak hartuko du kilometroa. Amurriori dagozkion bi kilometroak etorriko dira gero. Amaitzeko, urduñarrei dagokien kilometroa egongo da.
Hor amaituko da Aiaraldeko zatia. Eskualdeko mugara arte falta diren kilometroak Getxo eta Sopelako herritarrek beteko dituzte.
“Aldarri bat luzatzen ari gara, baina hainbat modu daude horretarako. Guk ahalik eta modu alaitsuenean egitea proposatu dugu”
Eguerdian egingo da giza katea. Egongo da eguna luzatzeko aukerarik?
Amurrion behintzat saiatuko gara egun osoan jai giroan egoten. Aldarri bat luzatzen ari gara, baina hainbat modu daude horretarako. Guk ahalik eta modu alaitsuenean egitea proposatu dugu.
Goizean saiatuko gara kilometroak musikaz girotzen. Amurrioko dantza taldearen laguntza izango dugu horretarako. “Kadenetak” osatuta jendea mugitzen lagunduko digute, ez delako lan erraza bostehun pertsona euren tokian kokatzea.
Ekitaldia 12:30ean amaitzen da berez, baina hortik aurrera egongo da zertaz gozatu. Amurrion herri bazkaria antolatu dugu 15:00etan. Txokogorrin eta Batzokian daude tiketak salgai. Arratsaldean ere saiatuko gara giroa ahalik eta alaitsuen mantentzen, Peru Selektahren musikarekin.
Nola sumatzen duzue giroa eskualdean giza kateari begira?
Kostatzen ari da jendea saretzea eta izena ematera animatzea. Egia da ezinegon hori hor dagoela, beharrezko jende kopurura helduko garen edo helduko ez garenaren zalantzarekin. Baina egia da, kopuru minimora iritsi gabe ere gauzatu dezakegula ekimena, aldarria bakoitzak bere barruan daramalako. Espero baina jende gutxiago gerturatuta ere kilometroak betetzen eta gure buruei eusten saiatuko gara.
“Kostatzen ari da jendea saretzea eta izena ematera animatzea”
Herri galdeketa egon zen maiatzaren 8an, igande honetan giza katea dago... zein izango da hurrengo pausoa?
Une honetan burua oso zentratua dugu igandeko giza katean. Kontuan izan behar dugu asteburu honetan ez dela giza katearen ekitaldia bakarrik egongo.
Aurreko egunean herritarrek aukera izango dute Autogobernu Ponentziari ekarpenak egiteko. Ponentzia horretan erabakitzeko eskubidea premiazko puntu bezala sartzen bada eta igandean giza katearekin mezu hori berresten badugu, oso handia izango da horrek erakutsiko duen indarra.
Gauzak hala, kontuan izan behar dugu ekitaldi honek dakarren guztia eta atzetik lantzen ari garena ere.
Bukatzeko, hemendik eskerrak eman nahiko genizkieke igandeko zitari begira boluntario gisa lanean ari diren pertsona guztiei.