Mozio bat aurkeztu zuen Talde Mistoa-Orain Araba taldeak iragan ostiralean Batzar Nagusietan. Erdibideko zuzenketa plazaratu zuten gero talde politiko guztiek, eta aho batez onartu zuten mozio berria.
Hiru eskaera jasotzen ditu proposamen bateratuak. Alde batetik, AP-68 autobidearen titulartasuna Arabara pasatzea eskatu diote Batzar Nagusietako taldeek Espainiako Gobernuari. Horrez gain, EAEko ordainsariak politika bateratzearen alde lan egiten jarraitzeko konpromisoan berretsi dira taldeak.
Hirugarren puntuak zuzenean eragiten dio Aiaraldeari, honakoa eskatzen baitio Arabako Foru Aldundiari: “AP-68ko bono-sozialaren eredua Laudio inguruko erabiltzaile arabarrei ere zabaltzeak ekarriko lukeen kostu ekonomikoaren inguruko ikerketa egitea”.
Instituzioetatik harago, babes nabarmena izan du bono soziala Aiaraldetik Bilbora doazen herritarrei aplikatzearen aldeko aldarriak. Herritar batek horren aldeko sinadurak biltzeari ekin zion duela hiru aste, eta 1.500 baino gehiago bildu ditu dagoeneko.