Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartearen Aiaraldeko taldea sortu dute

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 19a, 14:28

Urrian Aiaraldeko bizilagun bat hil zen amiantoarekin lan egietagatik. / Aiaraldea.eus

Amiantoarekin kontaktuan egon diren pertsonei eta euren senideei laguntzea izango da taldearen xedea.

ASVIAMIEren (Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartea) Aiaraldeko taldea sortu dute, "amiantoarekin kontaktuan egon diren edo dauden pertsonei eta euren senideei aholkularitza eta laguntza emateko".

Taldeko kideek azaldu dute amiantoaren erabilera “etengabea” izan zela Aiaraldean 60 eta 90. hamarkaden artean. “Horrez gain, badakigu minbizia sortzen duen mineral horren presentzia dagoela toki eta azpiegitura askotan.  Tubacex, Aceralava, Tubos Reunidos, Aceros de Llodio, Jez, Envases Metalúrgicos, Guardian Llodio (Villosa), Vidrala (Aiala Vidrio), Lipmesa eta Laudioko Udaleko langileak hil dira elementu horrekin kontaktuan egoteagatik, besteak beste”.

Azaldu dutenez, aipatutako garai horretan 10.000 pertsona inguru aritu ziren eskualdeko fabriketan lanean. “Guztiak ez ziren amiantoarekin kontaktuan egon, baina kontaktu zuzen edota ez-zuzena existitu zen”. Horregatik, ASVIAMIEko kideek nabarmendu dute amiantoarekin edo amiantotik gertu lan egin zuten beharginek egin behar duten lehen gauza osasunaren zaintzaren erregistroan alta ematea dela, “euren osasunaren gaineko kontrola egon dadin, eta bide batez, idatzia geratu dadin mineral horrekin lan egin zutela. Garrantzitsua da hori egitea”. Nabarmendu dutenez, EAEko 9.000 behargin daude erregistro horretan eta horietatik laurden bat lanean dihardute. Nafarroan, aldiz, 3.000 pertsona daude inskribatuta.

255.000 heriotza urteko
Arazoak berebiziko garrantzia duela azpimarratu dute elkarteko kideek. “Aurten 28 pertsona hil dira gutxienez hego Euskal Herrian amiantoarekin lan egiteagatik, baina 1993tik hona 1.864 dira zendutako herritarrak. Aiaraldean 16 heriotza-kasu ezagutzen dira, gutxienez. Ez dira guztiak, zati oso handi bat ezkutatzen delako. Europan hurrengo bi hamarkadetan  47.000 pertsona hilko direla aurreikusten du Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak eta mundu osoan  255.000 pertsona hiltzen dira urtero amiantotik eratorritako gaixotasunen eraginez”. Hildako langile gehienak babes neurririk hartu gabe eta arriskuen gaineko informaziorik gabe lan egin zuten amiantoarekin. Beste pertsona batzuk kutsadura medio hil dira, eta etxeko langile batzuk ere zendu dira, euren bikoteen arropak garbitzen aritu zirelako”.

Gauzak hala, amiantorekin aurkako borrokara batzeko deia luzatu dute taldeko kideek. Datorren asteetan emango dute egingo dituzten ekintzen inguruko informazio gehiago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide