Latiorro Ikastetxean dagoen amiantoa 2019-2020. urteetan kenduko dutela jakinarazi du Hezkuntza Ordezkaritzak

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 8a, 17:15

2016. urtearen amaieran kendu zituzten Latiorro Ikastetxetik amiantozko lehen elementuak. Argazkiak: Juanjo Basterra, Asbestos Hunter eta Stefano Mortellaro

Ikastetxeko eskola kontseiluarekin iragan astean izandako bileran eman zuen asmo horren berri Arabako Hezkuntza Ordezkaria den Blanca Guerrerok. Hautsak harrotu ditu amiantoaren inguruko eztabaidak Latiorro Ikastetxean. Tentsio ugari egon da eskolako guraso baten eta eskola komunitateko organoen artean, mineral kantzerigenoaren presentzia dela eta.

Latiorro Ikastetxearen amiantoaren aferak amaiera-data du. Hala adierazi du Hezkuntza Ordezkaritzak. Ikastetxeko eskola kontseiluko kideekin bildu zen Arabako Hezkuntza Ordezkaria den Blanca Guerrero iragan astean. Egun Latiorro Ikastetxean dagoen amiantoa eraikinaren sabaian kokatzen dela azaldu zuen Guerrerok bilera horretan, eta jakinarazi zuen datorren urtean ekingo diotela material hori kentzeari, prozesua 2020. urtera arte luzatu daitekeen arren.

Modu horretan, amaiera emango litzaioke duela bi urte hasitako prozesuari. 2016ko abenduan ikastetxean zeuden amiantozko jardinerak kendu zituen enpresa espezializatu batek, udalak hala eskatuta. 2017ko udan, aldiz, ikastetxeko pasabide batean teilatu funtzioa egiten zuten uralitazko -amiantoz eginiko- hainbat plaka kendu zituzten. Bi lan horiek egin ostean, baina, bazegoen oraindik toki bat ikastetxean minbizia eragiten duen mineral horrekin: eskolako sabaia. Uralitazko plaka ugari daude teilatuan.

Erakundeen arabera, ez dago inolako arriskurik
Baina teilatuan dagoen uralita hori ez da arriskutsua ikastetxeko erabiltzaileentzako, Laudioko Udalak eta Hezkuntza Ordezkaritzak ziurtatu dutenez. Jon Ander Altube alkateordeak azaldu du amiantoa “apurtu edo manipulatu egiten denean” dela arriskutsua, sortzen den hautsa eta materialaren zuntzak arnastuz geroz birikietako minbizia garatu daitekeelako. “Baina behar bezala kapsulatuta eta isolatuta dagoenean, ez dago ondoan dauden pertsonentzako inolako arriskurik”, nabarmendu du alkateordeak.

Blanca Guerrerok gaineratu du material hori arriskutsua izateko “hainbat baldintza” bete behar direla. “Apurtuta egon behar du, airean eta etengabeko eta babesik gabeko erabilera eman behar zaio”, zehaztu du hezkuntza ordezkariak, eta Latiorro Ikastetxean halakorik ematen ez dela ziurtatu du. “Une honetan teilatua da amiantoa duen zonalde bakarra. Baina, ikusi daitekeen moduan, berde koloreko materiala du jarrita gainetik, amiantoa inerte eta isolatuta mantentzeko”.

Aurkako iritzia
Oscar Benitok, baina, aurkakoa uste du. Latiorro Ikastetxeko gurasoa da bera eta hainbat ekimen egin ditu azken bi urteetan eskolan dagoen amianto guztia kentzea exijitzeko. Hainbat iritzi-testu plazaratu ditu gaiaren inguruan, eta baita protesta-abesti bat ere. Sinadura bilketa da abiatu duen azken ekimena. “600 sinadura baino gehiago bildu ditugu jada”, adierazi du gurasoak, eta jakinarazi du amiantoaren aurkako guraso-plataforma sortu berri duela, “Amiantorik ez” izenekoa. Roberto Eizmendi du bidelagun ekimenean. Laudioko Udaleko langilea da Eizmendi, eta Kepa Galdosen -amiantoa erabiltzeagatik hildako beharginaren- lankidea izan zen.

Benitoren ustez, ez da egia Latiorro Ikastetxeko sabaian dagoen amiantoa “egoera seguruan” dagoenik. “Materiala oso hondatua dago, eta sabaiaren toki batzuk ez daude kapsulatuta”, adierazi du.

Tentsio soka luzea
Amiantoaren inguruko iritzi ezberdin horiek hainbat aldiz egin dute talka azken bi urteetan, tentsio soka luzea sortuz. Hezkuntza Ordezkaritzak Latiorro Ikastetxean sartzeko debekua ezarri dio Benitori, hezkuntza komunitateko kideekiko “tratu iraingarri eta umiliagarria” izatea egotzita. “Eskolan ezinbestekoak dira elkarbizitza eta errespetua, bai ikasleekiko eta baita irakasleekiko eta gurasoekiko ere”, azaldu du Blanca Guerrerok. Hezkuntza ordezkariak nabarmendu du ikastetxeko zuzendaritza-taldeko kideek “behin baino gehiagotan” saiatu direla arazoa konpontzen, baina ezinezkoa suertatu zaiela.

Udalak, bere aldetik, bat egin du “debeku hori justifikatzen duten arrazoiekin”. “Udal langile zein hautetsiok etengabe pairatzen ari gara Oscar Benitoren jazarpena”, azaldu du Jon Ander Altubek. Alkateordeak adierazi du errespetatu egiten duela Benitok abiatutako sinadura bilketa, baina nabarmendu du eskola komunitatea dela solaskide bakarra. “Zuzendaritza, guraso elkartea, eskola kontseilua, hezkuntza ordezkaritza... hartu dugun edozein erabaki eragile horiekin guztiekin adostu dugu”.

Benitok, aldiz, uste du amiantoaren aurka egiten ari den kanpainagatik ezarri diotela debekua. “Kriminal bat bezala tratatzen ari naute. Latiorro Ikastetxea ez dut dagoeneko ikastetxe publiko bat bezala ikusten, ikastetxe pribatu baten funtzionamendua baitu”. CCOO sindikatuak ere oharra plazaratu zuen gurasoari ezarritako debekua salatzeko.

Guraso elkarteko kideak, aldiz, gaiaren inguruan sortu den egoeragatik “gaindituta eta beldurtuta” sentitzen dira, azaldu dutenez. “Uste dugu sare sozialetan eta komunikabideetan argitaratu diren informazioak osatugabeak izan direla. Asko mindu gaitu jende batek pentsatzea ez dugula amiantoa hezkuntza zentrotik kentzea nahi”. Horregatik, elkarteko kideek argi utzi nahi izan dute “ikastetxeko familia guztiek” nahi dutela amiantoa “ahalik eta lasterren” kentzea. “Badakigu denoi gustatuko litzaigukeela lehen bait lehen kentzea, baina horrelako jarduera batek tramite administratibo asko behar ditu, errespetatu beharrekoak”.

Aire-neurketen zain
Beste hainbat ekimenen artean, bide legala ere hartu zuen Oscar Benitok iaz, salaketa bat jarriz. Arabako Pronbitzia-Fiskaltzak ikerketa-diligentziak ireki zituen orduan, Latiorroko Ikastetxean dagoen amiantoaren atzean “ingurugiroaren edota osasun publikoaren aurkako deliturik” dagoen ebazteko. Diligentzia horiek medio, ikastetxean “aire-neurketak” egitea eskatu du Arabako epaitegiak.

Neurketa horien bidez ikastetxeko “airean” amiantozko zuntzak dauden detektatu ahalko litzateke. “Ikerketa horren ondorioz airean amiantoa dagoela ondorioztatuko balitz, egoera berehala konpontzea exijituko genuke”, aurreratu dute Guraso Elkarteko kideek.

Herriko beste ikastetxeak
Talkak talka eta tentsioak tentsio, badirudi Latiorroko Ikastetxeko amiantoaren afera bi urte eskasetan amaituko dela. Hala ere, Latiorrokoa ez da kasu isolatu bat. Herriko beste hainbat ikastetxeetan ere daude material horrekin eginiko azpiegiturak. Hala aitortu du udalak, eta aurreratu du esparru horretan lan egiten jarraituko dutela. “Baina betiere normaltasunez, alarmismoa sortu gabe eta eskola bakoitzeko hezkuntza komunitatearekin hitz eginda”, zehaztu du Altubek.

Alkateordeak gogorarazi du udalak “sekulako lana” egin zuela duela zenbait urte amiantoak udal eraikinetan zuen presentzia aztertzeko, “ikerketa horri esker badakigu non dagoen mineral hori eta badakigu nola jokatu toki horietan obrak edo bestelako lanak egin behar izatekotan”. Novotec enpresa arduratu zen azterketa hori egiteaz. Laudioko 52 udal eraikin aztertu zituen, eta horietako 18tan aurkitu zuen amiantoa.

Hala ere, badaude ikerketa horrekiko kritiko azaldu diren hainbat pertsona. Juanjo Basterra kazetaria da horietako bat. Cuatro lunas: El drama del amianto en Euskal Herria liburuaren egileak hainbat gabezia sumatu ditu Novotec enpresaren jardunean. Era berean, Fabian Legorburu ikastetxean iaz kendutako fibrozementua -amiantoarekin eginiko materiala- inolako segurtasun neurririk gabe kendu zela salatu zuen, hainbat argazki aurkeztuta. Era berean, kazetari aretarra oso kritiko azaldu da tokiko erakundeak Kepa Galdos udal-langilearen heriotzaren aurrean izandako jarrerarekin.

Urteen poderioz azaleratzen den arazoa
Arazo sakon eta konplexua da amiantoarena. Material horren ekoizpen eta erabilera 2001. urtean debekatu zen Estatu espainiarrean. Baina amianto-zuntzak irentsi eta 30-40 urtera garatzen da minbizia, eta horrek asko zailtzen du bere aurkako borroka. Juanjo Basterra kazetariak amiantoak eragindako 15 heriotza kontabilizatu ditu eskualdean, baina nabarmendu du askoz gehiago izan daitezkeela, %5a soilik diagnostikatzen baita laneko gaixotasun gisa.

Etorkizunerako aurreikuspenak oso negatiboak dira. 47.000 pertsona hiltzen dira urtero Europar Batasunean amiantoaren ondorioz. Gauzak hala, eragile batzuk “genozidio” hitza erabiltzen hasi dira  mineral hori eragiten ari den -eta eragingo duen- sarraskia definitzeko. Gauzak hala, aurreikusi daitekeenez, gaiari buruzko albiste gehiago izango ditugu etorkizun hurbilean.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide