Izebergarekin lotu izan da indarkeria matxista maiz: ageriko aldea eta ezkutuko baititu. Maddi Isasi Azkarraga Otsemeakeko kidearen arabera, beti boteredun pertsonaren eta ez duenaren "edo gutxiago duenaren" artean gertatzen dira.
Duela gutxiko ikerketa bati erreparatu dio amurrioarrak, bikote harremanei buruzkoa: "Nahiko errotua dago gaur egungo gazteen artean bikote harremanen kontrola telefono eta sare sozialen erabilerarekin. Askotan hitz egin da, baina gero ez dugu kontrolatzen parte ilun hori. Egunero erabiltzen ditugu tresnak kontrola edo jarraipena egiteko".
Jone Unzaga Galnares laudioarrak makina bat bizipen ditu gogoan. Hala ere, nabarmendu du, ez zaiola egokia iruditzen mikromatxismo hitza: "Dagoen arazoa estaltzen du. Jarrera eta jokabide horiek dira gehien barneratuta ditugunak, horregatik dira zailagoak identifikatzeko. Horrek ez du esan nahi txikiagoak edo garrantzitsuagoak ez direnik: gauzak matxistak dira, edo ez dira. Nik uste dut ez dela sailkapenik egin behar".
Eskola garaiko oroitzapenek markatu dute Unzaga Galnares. Klasera amantala berdearekin joaten zen, gainontzeko neskek arrosa zuten bitartean. "Zeozer gertatzen zela nabaritu nuen. Mutilak nirekin sartzen ziren, baita neskak ere; ez nuelako definituta zer nintzen, kolore ezberdin hutsa izateagatik".
"Zein mikromatxismo? Makromatxismoak dira", esan zion lagun batek Garazi Abrisketa Serrano gazte zolloarrari, eta arrazoia eman zion. Orduan jabetu zen indarkeria matxistaren eragin andanaz. "Adin tarte batean ematen zaigu emakumeoi heldutasun edo zilegitasuna: ama garenean. Neska gazteak batzuentzat esperientzia edo perspektiba gabeak gara, eta edadetuak burua galduta dutenak", jarraitu du.
Udalgintzan 22 urterekin hasi zen lanean, eta belaunaldien arteko talka edo harreman falta sumatu du: "Batez ere, seme-alabarik ez dugunak edota haziak edo heziak dituztenak gaude instituzioetan, besteak zaintza lanetan baitaude gehienetan".
Nola hitz egiten dugun, zein jarrera ditugun, zein espazio okupatzen dugun... Horrek zer eragin du besteongan? "Botere harremanak ez dira bakarrik hartzen dituen erabakiak", azpimarratu du Isasi Azkarragak. Emakumeen parte hartze ezaz askotan hitz egin da haren iritziz, baina parte hartzeko moduez ez. "Ezinbestekoa da botere harremanei aurre egiteko estrategiak diseinatzea. Hori garrantzitsua da kolektiboki egitea, norbanakoak dauka eguneroko praktiketatik eragiteko gaitasuna, baina taldean borrokatzeak eraldatzeko gaitasun handiagoa ematen du. Identifikatu edo pairatzen ditugun espazioak nolakoak dira? zein baldintza ditugu?", luzatu du hausnartzeko gonbita.
Abrisketa Serranok bileretako adibidea aipatu du: "Gizonek pentsatzen dute edozer esateko lizentzia dutela, guk esana zuzentzeko, puntualizatzeko... Hori ez da niri gertatzen zaidan zerbait bakarrik, izena dauka. Oso ikasiak ditugu rolak. Gizon batzuentzat oraindik gogorra da emakume batek agindua ematea. Lanketa egitea, ez dago besterik".
Ohiko beste egoera bat atera du mahaigainera Unzaga Galnaresek: "Autoa aparkatzean askotan nabaritu dut mutil batekin bazoaz inork ez dizula ezer esaten edo arraro begiratzen. Bakarrik goazenean bai, nola aparkatu behar dugun edo nora joan agintzen digute. Hori gizonei ez zaie gertatzen".
Nola egin aurre, ordea, horrelako egoerei? Kontzientziazioa areagotzen ari dela sumatu dute Mugimendu Feministako kideek, baina oraindik bada zer egin. "Esparru gehienetan jendeak ez du oraindik hausnarketa hau egin: ez dago berdintasunik. Bizitza eta jendarte feminista eraikitzeko bakoitzak badu zer egin eta nola eragin, izan esparru pribatuan edota kalean. Ohiko moldeetatik kanpo egiten den edozer bilaka liteke erreferente, eta aldaketa ekarri lezake", adierazi du Unzaga Galnaresek.
Erreferente eredugarri gutxi
Hirurak bat datoz gazteen erreferente onen gabezian. "Gaur egun badaude erreferenteak, geroz eta gehiago. Kontua da, nola iritsi eurengana?", luzatu du galdera laudioarrak.
Etengabeko mezu bonbardaketan matxismoa da nagusi, bere ustez: "Youtuben edo musika esparruan arrakasta gehien dituztenak mezu matxistak dira, emakumeen irudia iraintzen dute... Baina badira beste erreferente batzuk ere".
Zolloarrak erantsi duenez, ahalduntzeko badira baliabideak: elkarrizketak, artikuluak... Zentzu horretan, baikorrago dago: "Datozen belaunaldiek oinarri feministagoa izango dute, guk ez bezala". Emakumeek botere zein erabaki guneetan egoten jarraitu behar dutela garbi du, baita gizonek maskulinitate berrien tailerrak egin beharko lituzketela "egoten jakiteko" ere.
Zer nolako ereduak proposatzen dituzte telebistatik? "Euskadi Gaztean egunero entzuten dugun musikak edota Bilboko MTV bezalako musika jaialdiek estereotipo berdinak goratzen dituzte. Bonbardaketa horiek nolako eragina dute gure bizi proiektuak erabakitzerako orduan? Gizarte eredu indibidualista, kapitalista eta heteropatriarkala indartzen dute", salatu du amurrioarrak.
Dena den, etorkizunari baikor begiratzen diote. Izan ere, gero eta espazio edo herri gehiagotan daude talde feministak. "Ez da modu zurrunean ulertu behar indarkeria matxista. Norberak bere espazio, hezigune, lantoki, kale edo tabernatik ere horrelako hausnarketa kolektiboak planteatu behar ditu", aitortu du Isasi Azkarragak.
Gakoa, hezkuntza
Ixone Collado Urkijo orozkoarrarentzat hezkuntza da egoera aldatzeko gakoa, "egun hori ez da bermatzen". Sexualitatea zein sexua oso gutxi lantzen direla dio: Lehen Hezkuntzako liburuetan ez da emakumeen klitoria ateratzen, erreprodukziorako ugalketa aparatua bakarrik. "Horrek zer esan nahi du? Zabaltzen den mezua sexuarena soilik da, nerabeek uste dute umeak edukitzeko garela garrantzitsuak, plazera eta sexualitatea ikusezinak dira". Gorputzaren ezagutzatik hasi behar dute neskek jabetze prozesua Collado Urkijoren aburuz, "baita hortik aparte ere".
Adibideak soberan dituzte gazteen artean indarkeria matxista oso presente dagoela pentsatzeko. Feminismoaren olatuan dute esperantza jendartea aldatzeko, botere eta desiraren sagarrak pozoituak ez izateko.