Bihar hasi eta abenduaren 3ra bitarte luzatuko da Euskaraldia ekimena. Euskal Herri osoko “egitasmo erraldoi” honek 11 egunez euskaraz bizitzen jarriko ditu bertan parte hartuko duten milaka pertsona.
Parte hartzaile bakoitzak “Ahobizi” edo “Belarriprest” rola aukeratu beharko du. Ahobiziak euskaraz arituko dira beti euskara ulertzen duten pertsona guztiekin eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz esango dute beti.
Belarriprestek, aldiz, euskal hiztun guztiei beraiekin euskaraz egiteko gonbita egingo diete, beraiek euskaraz edo erdaraz erantzun arren.
Izena emateko azken eguna, gaur
Gaur da izena emateko azken eguna. Inskripzioa euskaraldia.eus atarian egin daiteke zuzenean. Parte-hartzaile guztiek hiru galdetegi bete beharko dituzte: Euskaraldiaren hasieran lehenengoa, bukatzerakoan bigarrena eta hiru hilabete igarota azkena. Euskaraldiak hizkuntza-ohituretan eragindako eraldaketa neurtuko dute horrela.
Lehenengo galdetegia betetzeko azken eguna bihar izango da (azaroak 23). Internet bidez bete daiteke galdetegia esteka honetan.
Txapa soinean
Parte-hartzaileek Euskaraldiko txapa eramango dute soinean egitasmoak irauten duen 11 egunetan zehar, Ahobizi” edo Belarriprest diren adierazteko.
Dagoeneko izena eman dutenek txapa jasotzeko aukera dute jada. Aiaraldeko herri guztietan daude txapak jasotzeko puntuak; esteka honetan kontsultatu daitezke. Azaroaren 23an egingo diren hasiera ekitaldietan ere aukera egongo da txapa jasotzeko.
Egitarau oparoa
Bihar abiatuko da Euskaraldia eta berarekin batera 11 egunetan luzatuko den egitaraua. Bihar arratsaldean “hasiera jaiak” egingo dira Aretako Altamira plazan (16:30ean), Urduñako Foru Plazan (17:00etan), Laudioko herriko plazan (17:30ean), Amurrioko Juan de Urrutia plazan (18:30ean), Arrankudiaga-Zollon (18:30ean) eta Orozkoko Zubiaur plazan (19:30ean).
Txapa banaketa eta jai-giroa izango dira nagusi. Orozkon, esaterako, Hilean Bariku Bat taldeak kontzertua eskainiko du.
Hurrengo egunetan ere hamaika ekintza egongo dira eskualdean. Artziniegan azaroaren 30erako eta abenduaren 1erako prestatu dute egitaraua. Azaroaren 30ean jolasak eta tailerrak egingo dituzte eta abenduaren 1ean egun osoko egitaraua egongo da; herri bazkaria eta dantza-plaza barne. Artziniegan ez ezik, gainontzeko herrietan ere gauzatuko dituzte ekimenak aste osoan zehar.
Amaiera jai erraldoia Laudion
Eskualdeko ehunka Ahobizi eta Belarriprestek zita garrantzitsua izango dute datorren abenduaren 2an. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Euskaraldiaren jai erraldoia antolatuko du igande horretan Laudion.
Egun osoko egitarau anitza antolatu dute, goizean goizetik iluntzera arte luzatuko da jai-giroa. Berbodromoak, herri bazkari erraldoiak edota Ze Esatek! taldearen kontzertuak osatuko dute egitaraua, besteak beste.