[ANALISIA] Euskara ikasleen arteko zubi

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 28a, 18:00

Lamuza Ikastetxeko ikasleek euskara komunikatzeko nola baliatzen duten aztertu zuen Esti Urresolak “Deklinabideak” dokumentalean. / Esti Urresola

Izan daiteke euskara hezkuntzako segregazioaren problematika konpontzeko gakoetako bat? Datuek eta esperientzia praktikoek hori iradokitzen dute. A eredua ahanzturan geratzen ari da eta D ereduaren nagusitasuna eztabaidaezina da. Testuinguru horretan, kultura ezberdinetako ikasleak batzeko tresna izan daiteke euskara.

Azken hilabeteetan zeresan handia sortu du eskola segregazioak. Urrian eztabaidatu zuten gaia Eusko Legebiltzarrean, Zubiak Eraikiz plataformak arazoari aurre egiteko proposamena eraman zuelako, 17.000 sinadurak babestuta. Zortzi neurri jasotzen zituen proposamenak, Matrikulazio prozesua bateratzea eta  profil sozioekonomiko baxuena duten ikasleen ikastetxeei arreta berezia ematea tartean. Herri Ekimen Legegileak ez zuen aurrera egin, PSE, PP eta EAJk aurka bozkatu zutelako. Hala ere, eztabaida presente dago oraindik kalean eta ikasgeletan.

Eztabaida mamitsua da, adar (eta arantza) ugarikoa. Baina badago bereziki interesgarria den faktore bat: hizkuntzarena. EAEko hezkuntza sistema A, B eta D ereduen artean banatua egoteak segregazioa sustatzen duela uste dute eragile batzuk, eta kategorizazio hori ezabatu eta murgiltze eredua ezartzea proposatu dute (Ikastolen Elkarteak kasu).  Baina egon daiteke kontrakoa proposatu dezakeenik: euskarazko eredu mailakatuak ezabatzea, gaztelerazko sistema bakar, handia eta askea ezartzeko.

D ereduaren nagusitasuna
Errealitateak, baina, ahanzturan utziko luke balizko proposamen hori. Atzerrian jaiotako geroz eta haur zein gazte gehiago daude EAEko ikastetxeetan. A ereduak aldiz, beherazko joera etengabea  bizi du. Sei urte eskasetan bost puntu jaitsi da Aiaraldean: 2010ean eskualdeko ikasleen %18ak baino ez zituen ikasketak gazteleraz egiten. 2016an, aldiz, %13,14koa zen ehunekoa. B eredua ere ahultzen ari da, bere jaitsiera mailakatuagoa den arren.

D ereduaren aldeko hautua, aldiz, etengabe hazten ari da. 2010ean Aiaraldeko ikasleen erdiak baino gehiago (%50,67) ikasten zuten nagusiki euskaraz. 2016an, aldiz, %60,98a ziren.

Euskarak, banatu baino, komunitatea kohesionatzen duela diote tokiko esperientzia praktikoek. Lamuza Ikastetxeko errealitatea da horren adibide. Kultur aniztasun handia dago eskola horretan, baina euskararen presentzia horrelako egoera batean espero zitekeena baino nabarmenagoa da. “Inpaktu handia sortzen du, etorri berriak euskara peto-petoan hitz egiten ikusten dituzunean batez ere”, azaldu zuen Esti Urresolak “Deklinabideak” dokumentala plazaratu zuenean. Zinemagile laudioarrak Lamuza Ikastetxean grabatu zuen 20 minutuko pelikula hori, euskarak kultura ezberdinetako ikasleen artean betetzen duen zubi funtzioa erakusteko.

Gauzak hala, ez da zorakeria pentsatzea euskara hutsezko hezkuntza dela eskualdeko ikastetxeen etorkizuna. Horregatik, euskarak ezin du izan segregazioaren arazoa bere horretan mantentzeko aitzakia. Kontrara, eraldaketarako tresna izan beharko da, kultura eta hizkuntza ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko lanabesa, segregazioarekin amaitzeko gakoetako bat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide