[URTEARI SO] Feminismoa, aldarria baino gehiago

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abe. 26a, 11:09

Greba feminista izan da urteko inflexio puntuetako bat. /Aiaraldea

Indarkeria matxistaren 5 kasu salatu dira mobilizazio bidez kaleetan. Saretzeari begira, topaketa ugari antolatu dira eskualdean. 

Urte emankorra izan da Mugimendu Feministarentzat 2018a, 2017a bezala. Izan ere, jarduera ugari gauzatu dira eskualdean barrena: eraso matxisten salaketak, topaketak, justizia patriarkalaren kontrako ekimenak, genero indarkeriari aurre egiteko protokoloen sorrerak...

Eragileak saretuz
Saretzeari dagokionean, topaketak izan dira nagusi. Urtarrilean, esaterako, Arabako gazte feministen jardunaldia antolatu zuten, Euskal Herriko neska* gazteen udalekuen ondotik. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak, berriz, jardunaldi ezberdinak prestatu ditu, Aiaraldeko Emakumeen I.Topaketa Feminista kasu. Aurrez baina, "Feminismoa Aiaraldean" jardunaldiak  ospatu ziren, tokikotasunetik feminismoaren egungo diagnostikoa eta etorkizuneko erronkak elkarrekin zehazte aldera. Horren ondorio izan zen 100 lagun elkartu zituen ekaineko zita, edota segidan abiatutako ekimen sorta: feminismoa Aiaraldean webgunearen sorrera, edota Aiaraldeko Intranet Feministaren garapena. 

Instituzioek Aiaraldeko Berdintasun Foroa sortu dute, maiatzean jarri zena abian. Ildo beretik, genero indarkeriari erantzuteko protokolo bateratuak jarri dituzte martxan, baita jabekuntzarako Laia Eskola ere.

Emakumeen ezagupen eta aitortza, modu ezberdinetan plazaratu da kalean. Urduñako Adratan elkarteak, adibidez, "XX.mendeko emakumeak" zikloa burutu zuen udazkenean. Ernaik, berriz, prozesu feministari eman dio bide, barne eta kanpo mailako dinamikekin. Aiaraldeko Mugimendu Feministak, eskualdeko norbanako eta eragileak saretzearen alde egin du; horren adibide da urtean zehar egindako kanpaina edota asanblada ireki bakoitza. 

Edozelan ere, martxoaren 8ko Greba feminista izan da urtea markatu duen gertaera nagusia, Manada auziko epaiarekin batera. Batean zein bestean, mila herritarretik gorako protestak egon ziren: 

Greba feminista
Zernahi gisaz, Greba Feminista izan da aiaraldear gehien batu dituen ekimena. Martxoaren 8ko emakumeen lanuzteek oihartzun sendoa izan zuten bailarako udalerri nagusietan. Egunean zehar herrietan gauzatu ziren mobilizazioak, eta arratsaldean Laudion: 

"Mobilizazio historikoa" izan zen, Mugimendu Feministaren aburuz. Urduñan ehunka lagun atera ziren kalera, Amurrion saltoki eta errepideak moztu zituzten, besteak beste. Hala, zaintza, hezkuntza, kontsumo eta lan greba egin zuten ehunka lagunek. 

Indarkeria matxistari aurre
Indarkeria matxistak kolpe ezberdinak utzi ditu, baina erantzun gisa mobilizazio jendetsuak egon dira. Orotara, 5 aldiz atera ditu kalera erasotzailearekiko haserrea eta erasotuarekiko babesa Aiaraldeko Mugimendu Feministak.

Orozkon, esaterako, abenduan eta urtarrilean bi eraso eman zirela salatu zuten 300 lagunek. Urduñan (martxoan zein maiatzean), Amurrion (apirilean) eta Laudion (urrian eta abenduan) ere antolatu dira mobilizazioak. Izan ere, emakume ugarik salatu dute kasuan kasu jasandako bortizkeria.

 Bestalde, emakume bat erail duten aldiro elkarretaratzeak egin dira Amurrion eta Artziniegan, Otsemeak eta Hiriska taldeen eskutik. 

Ahalduntzeko espazioak
Ahalduntzeko ekimenen artean, berriz, Laia eskolaren aurkezpena edota  "Indarrak metatzen" topaketa aipatu beharko litzateke, besteak beste. Horrez gain, etxe feministak eratzeko proiektuak prestatzeari ekin diete Amurrion eta Laudion. Amurrion, aurrekontu parte hartzaileetan aurkeztu dute egitasmoa; eta Laudion, abenduaren 29an emango dute jakitera proposamena.

Jai giroko aldarrikapenak
Halaber, festa garaian "kaleak eta gauak gureak ere badira" lemapean mobilizazioak deitu ditu Mugimendu Feministak Urduñan, Amurrion eta Laudion: 

Hala, erasoak salatzeko 24 orduko telefono zein arreta zerbitzua eskaini zuten festa nagusietan; jaietako protokoloa aktibatzearekin batera. Azaroaren 25aren bueltan ere, ekimen ugari egon ziren. Tartean, Amagoia Elezkano orozkoarrari omenaldia egin zioten Laudion, erail zuten bizitokiaren kanpoaldean lorategia atonduta: 

 Azpimarratzekoa da, halaber, Aiaraldeko 12 emakumeren bizipen eta gogoetetan oinarrituta ekoitzitako "Horma ikusezinak. Mikromatxismoen arrakalak"  dokumentala. 

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide