[URTEARI SO] Feminismoa, eskualdea astindu duen olatu

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 27a, 11:09

Hamaika jarduera egin dira urtean zehar, feminismoa errotzeko / Aiaraldea

Feminismoa lantzeko makina bat jarduera egin dira 2017.urtean Aiaraldean. 

Moreago bukatu du urtea Aiaraldeak. Izan ere, urtarriletik hasita asko izan dira herri ezberdinetako taldeek burututako ekimenak. Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, esaterako, eskualdeko mugimendu feministaren historia aurkeztu zuten Laudioko Kultur etxean.

Jaietan, bizi

Festen testuinguruan gauzatu dira jarduera gehienak. Urduñako, Amurrioko eta Laudioko udalek, adibidez, eraso sexisten aurkako kanpainak antolatu zituzten jaien atarian. Laudioko Bagara Nor gazteen talde feministak manifestazio ez-mistoa deitu zuen lehenbizikoz Sanroke jaietan. Feminismoaren uda beroa eta dibertigarria izan zen bailaran.

Batetik, Amurrioko Otsemeak taldeak udako solstizioan erre behar zen sorgina lapurtu zuen. Ekimenak oihartzun handia izan zuen, horren adierazle dira protestaren sustatzaileek egindako agerraldia eta jasotako babes andana.

Gazteak martxan

Gaztea da feminismoa oraindik ere eskualdean, eta gazteek heldu diote kanpora begira ondoen. Nola Amurrioko Otsemeak taldeak hala Laudioko Bagara Nor sareak, esaterako, jarduera ugari prestatu dituzte. Horien artean daude, Arabako zein Euskal Herriko emakume gazteekin elkarlanean lehenbizikoz deitutako "Arabako neska gazteen topaketak" edota Euskal Herriko Udaleku Feministak.

Ikasle mugimenduak, berriz, “Ikasle egun feminista” antolatu zuen; eta hezkuntzan zein jendartean bizi dituzten egoerak izan zituzten topaketan aztergai, besteak beste. 

Espazio feministen areagotzea

Bestalde, emakumeen sareak sortzeko hainbat topaketa egin dira. Aiarako emakumeena da horietako bat. Ildo beretik, azpimarratzekoa da "Laudioko etxe feminista eraikitzen" jartzea ekarri zuen Laudioko jardunaldia; geroztik lanean ari baitira. Halaber, Aiaran Emakumeen Etxea ireki zuten udazkenean, Arabako lehena.

Halaber, hainbat udalek ekimen propioak proposatu dituzte, Urduñakoak kasu. Hain zuzen, azaroan aurkeztu zuten liburutegian atondutako “Apal morea”, 40 liburu feminista baino gehiagorekin. 

Arrankudiaga-Zollon, berriz, “Hiruhileko feminista” plazaratu dute, genero berdintasuna sustatzeko hitzaldi, solasaldi eta tailer zikloarekin. Ohi bezala, instituzioetako Berdintasun Arloek autodefentsa ikastaroak eta zenbait hitzaldi antolatu izan dituzte. 

Emakumeen sareak sortzen

Zapalkuntza eta eraso matxistei aurre egiteko, aldiz, Adi Emakumeak eta Matxintxu elkarteek “Tartekari sareak” sortu dituzte Urduñan eta Orozkon; genero indarkeria salatzeko. Modu horretan, herritarren artean aliantzak eratu dituzte, erasotuak laguntzeko. Alta, hainbat "herri-salaketa" izan dira azaroaren 25etik eta martxoaren 8tik harago. Urrian izan zen lehen mobilizazioa Amurrion, eta abenduan -oraintsu- Orozkon bigarrena. Horrez gain, Orozkoko Udalak Amagoia Elezkanori omenaldia egin zion azaroan, 2013an erail baitzuen indarkeria matxistak, hiltzaileari 22 urteko espetxe zigorra ezarri ziotelarik.

 Zernahi gisaz, bistan denez, eskualdeko hainbat talde inplikatu dira feminismoaren aldeko borrokan. Artziniegako Otsati elkarteak, adibidez, indarkeria matxistaren aurkako argazki erakusketa egin zuen azaroan, herritarrek eguneroko hainbat egoera irudikatuz; baita hilerokoaren inguruko erakusketa ere.

Emakumeen ahalduntzea bistaratzeko diziplina ezberdinak baliatu dira: antzerkia, ikus-entzunezkoak... Udazkenak bildu ditu ikus-entzunezkoen tokiko sorkuntza lan gehienak, Beldur Barik Aiaraldea lehiaketan 27 laburmetraia ekoitzi zituzten gazteek eta. Artziniegako Hiriska taldeak, Laudioko Siroko antzerki taldeak eta Otsemeakekoek antzerkia erabili zuten emakumeen jabetzea lau haizetara zabaltzeko.  

Gehien hedatu den kalapita, baina, Laudioko jaietan zezen-plazan agertutako margoketarena izan da. "Ante corridas taurinas corridas clitorianas" mezua iraintzat hartuta udalbatzara eraman zuen kexa Txaro Sarasua zinegotziak. Sare sozialetan eta eskualdez kanpoko komunikabideetan oihartzun handia izan zuen aferak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide