Martxoaren 8an Greba Feminista deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Iaz ez bezala, 24 orduko greba izango da. Urtarrilaren 2an burutu zen eskualdeko deialdia, eta bertan erabaki zen datozen asteetarako dinamika.
Guzti horren berri emateko bilera irekiak antolatu dituzte herrietan. Aste honetan Amurrio eta Laudion egongo dira zitak. Urtarrilaren 10ean elkartuko dira Amurrion (17:00etan Kultura Etxean) eta 11n, berriz, Laudion (18:30ean Kultura Etxean).
Lau ardatz
Aurtengo dinamikak lau ardatz izango ditu: enplegua, kontsumoa, hezkuntza eta pentsiodunak. Edozelan ere, nabarmendu dutenez, zaintza erdigunean jarriko dute.
Herri bakoitzak bere egitarau eta ekimen propioak izango ditu. Alabaina, baterajotze bikoitza aurreratu dute: goizekoa eta arratsaldekoa. Lehenbizikoa herrietan izango da, eta eskualde osokoa bigarrena.
Urtarrilean zehar greba antolatzeko asanbladak egingo ditugu herrietan!
— Aiaraldeko Mugimendu Feminista (@AiaraldekoMF) 2019(e)ko urtarrilaren 2(a)
Adi deialdietara!
Laister berri gehiago sarean! pic.twitter.com/cCfBmFbPDa