Zer eta nola aldarrikatuko du Greba Feministak martxoaren 8an?

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urt. 16a, 11:52

Gasteizko Talkan aurkeztu dute aurtengo greba feminista. / @M8EuskalHerria

Gaur aurkeztu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8ko greba planteamendua. 24 ordukoa izango da protesta. Eskualdean hasi dira dagoeneko bilera irekiak antolatzen.

"2019ko martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utzi eta kaleak hartuko ditugu berriro ere", adierazi dute agerraldian. Gasteizko Talka etxe feminista okupatuan egin dute aurkezpen ekitaldia. "Kapitalismo heteropatriarkalari planto! Bizitzak erdigunera" izango da aurtengo grebako lema. 

Aldarrikapenak zehaztu dituzte eta hasi dira dagoeneko elkartzen, greba antolatzeko:

"Hainbat kolektiborekin batuta dosierra idatzi dugu", zehaztu dute. Hala, 25 aldarritik gora jaso dituzte, "jendarte osoa eta instituzioak interpelatzeko".

Zergatik greba?
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren iritziz, bizitzako esparru guztietan kokatu behar da greba: soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean. "Bost ardatzetan antolatuko dugu greba: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa. Hala, sistemarekiko haustura bilatzea da asmoa".

Eskaerak
Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatuko dute, besteak beste: "Horretarako zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izatea, pertsonen zaintza ez geratzea zapalduon bizkarrean".

Finean, paktu sozial berria sustatuko dute, parekidetasuna bermatzeko sakoneko eraldaketa. Zaintzaren gatazkari zentralitatea eman nahi izan diote, zehaztu dutenez: "Etxeko eta zaintza lanetan, soldatapean zein modu doakoan dauden emakumeekin* aliantzak sortzera, estutzera eta indartzera goaz. Lan hauek azaleratzeko moduak topatzera, etxeko langileen esplotazioarekin aberasten diren enpresa banpiroak seinalatzera edota administrazioan arduragabekeria salatzera dei egiten diegu grebaren antolakuntzan parte hartuko duten kideei".

Greba egiteko moduak
24 orduko greba izango da aurtengoa. Parte hartzeko moduez ere hausnartu dute eta, iazko planteamenduan oinarrituta, mobilizaziora batzeko zenbait modu kontatu dituzte: lantoki eta ikasgeletan greba egitea, herri eta eskualdeko mobilizazioetara joatea, zaintzeari uztea eta hori irudikatzeko amantala eskegitzea balkoian, eskualde edo arloan greba antolatzea eta zabaltzea edota besoko morea zein txapa ipintzea grebarekin bategitea adierazteko.

Aldarri guztiekin zabaldu dute prentsa oharra, eta komunikazio euskarriak bildu eta zabaltzeko bideak ere aipatu dituzte: @M8EuskalHerria Twitter eta Facebook kontuak, m8_grebafeminista Instagrameko profila eta blog propioa. Irudia ere zabaldu dute:

Eskualdeko bilera irekiak
Urduñan ostiralean egingo dute greba feminista antolatzeko deialdi irekia, 17:00etan Alondegian. Laudion eta Amurrion, berriz, iragan ostiralean burutu zituzten aurreneko bilerak. Aiaraldeko Mugimendu Feministak adierazi duenez, eskualdean ere hasi dira ekimenak prestatzen.

2018ko grebak honako irudiak utzi zituen:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide