"Entitate gisa martxoaren 8ko Greba Feministara atxikitzea erabaki du aurten ere Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak, bizitza eta zaintza lanak erdigunean jartzeko". Kooperatibako hainbat lantaldek egin diote ekarpena greba feministari, jakinarazi dutenez. Komunikabideak, esaterako, greba feministaren jarraipen berezirako webgune propioa atondu du. Feminismo lantaldeak, berriz, Kokoriko Hezkuntza Faktoriarekin batera, ikastetxeetan gaia lantzeko hezkuntza dosierra prestatu du. "Greba deialdiari indarra eta babesa emateko email guztietan greba feminista babesteko mezua erantsi da. Bestetik, barne mailan ere, emakume langileek asanblada egin zuten: 6 beharginetatik denek egin dute grebarako hautua". Hortaz, martxoaren 8an ez da lantokian idazkaririk, komertzialik, diseinatzailerik, itzultzailerik ezta emakume kazetaririk egongo".
Kooperatibak erabaki du emakume langile grebalariak ez dituela ekonomikoki zigortuko, eta beraz, ez die egun horretako soldata kenduko". Horrez gain, Aiaraldeako langileek iaz abiatutako dinamikari segida eman zaio: "Eguneko soldata Aiaraldeko Mugiemnmdu Feministara bideratu zuten hala nahi izan zuten langileek iaz. Aurten, guzti horrez gain bazkideei ere luzatu diegu ekarpen ekonomikoa egiteko gonbita".
Hezkuntza, kontsumoa, zaintza eta lan mundua eraldatzeko beharra azpimarratu du eragile sozialak, baita emakume pentsionisten borroka babestu ere. Hala, egitasmoko bazkide eta bestelako erabiltzaile orori grebara atxikitzeko deia luzatu diete. Ildo beretik, Mugimendu Feministak bailaran hartutako indarra garrantzitsutzat jo dute. Iaz Aiaraldean milaka emakume atera ziren kalera greban, eta urtean zehar makina bat ekintza eta kanpaina egin dituzte, besteak beste, Urduñan, Amurrion, Aiaran edota Laudion.
Ikasleentzat dosierra
Ez da, baina, hori izango ekarpen bakarra. Faktoriako Feminismo lan ildoak eta hezkuntzak, ikasleekin lantzeko liburuxka prestatu dute. Hain zuzen, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan heteropatriarkatuaren ondoriez jabetzeko eta zaintzaren berrantolaketa erdigunean jartzeko zenbait ariketa proposatu dituzte dosier didaktikoan.
Zehazki, etapa bakoitzeko hiruna ariketa planteatu dituzte, baita hezitzaile edota gurasoentzako gomendioak bildu ere. Dosierra martxoaren 21etik aurrera egongo da eskura eskualdeko ikastetxeetan zein interneten.