Zergatik da berezia martxoaren 8a? Bertsio entzutetsuenak dio 1908ko martxoaren 8an, 120 emakume langile erre zituzten New Yorkeko lantegi batean soldata baxu eta lan baldintza txarrengatik protestatzeagatik. Alabaina, ez da hala: 1917ko martxoaren 25ean gertatu zen hori.
1917ko martxoaren 8an emakume errusiarrak elikagai eskasiagatik matxinatu ziren, urrira arteko iraultza prozesu bati ekinez. Hala, alor ezberdinetan -politikan, jendartean zein lan eremuan- emakumeek gidatutako borroka andanagatik erabaki zuen Nazio Batuen Asanblada Orokorrak Emakume langilearen nazioarteko eguna izendatzea. Ingurotan, ordea, 2018az geroztik Greba Feministak markatu du martxoaren 8a, milaka emakumek egin baitzioten greba bidez planto euren eguneroko lanei (ordainduzkoak izan edo ez). Aurten ez da gutxiago espero. Euskal Herriko Mugimendu Feministak 24 orduko greba antolatzen dihardu, baita eskualdean ere.
Sistema heteropatriarkalari planto! Bizitzak erdigunera izango da lema, eta lan produktibo zein erreproduktiboei uko egingo diete. Otsailaren hasieran aurkeztu zuen Aiaraldeko Mugimendu Feministak greba, eta eskualdeko ekimenak iragarri zituzten: egun osoan zehar egitarau propioa osatuko dute herrietan, baina 12:30ean izango da goizeko bateratze nagusia. Eskualdeko manifestazioa, aldiz, 20:00etan egingo dute Urduñan. Aiaran, Orozkon, Amurrion, Urduñan eta Laudion asanblada ireki bidez antolatu dute greba. Artziniegan ere ari dira lanean, Aiaraldea hedabideak jakin duenez. Arrankudiaga-Zolloko Kallera talde feministak, berriz, Ugaoko ekintzetan parte hartuko duela adierazi du.
Eraldatzeko lau ardatz
Zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko asmoarekin, eraldatu beharreko lau ardatz ekarri dituzte lehen lerrora. Hain zuzen, horien inguruan jardun zuten otsailaren 14an Aiarako Emakumeen Gelan, Aiaraldeko Mugimendu Feministak antolatutako solasaldian. “Emakumeoi lan munduan sartzeak ez gaitu eraman independentzia ekonomikora”, azpimarratu zuen Ane Landetak. Genero rolak enpleguetan erreproduzitzen dira, eta erantsi du: “Soldata arrakala da horren adibide bat.
Lan berdinagatik ez da soldata bera jasotzen”. Datuetan oinarrituta nabarmendu du murrizketa eskatzen dutenen %76.7 emakumezkoa izatea ez dela kasualitatea, “batez ere zaintza lanetarako hartzen dira orduak”. Azpikontratuak ere hartu behar dira kontuan sindikalistaren ustez, lan-esku merkeagoak baitira, “eta emakumeek betetzen dituzte askotan lan horiek. Edota, aldi baterako kontratuak”.
Krisi ekonomikoak ez du egoera hobetu, bere hitzetan: “Bankuak salbatzen dituzten bitartean, gizartean murrizketak egin dituzte. Kaleratzeak, gainera, merkeak dira: emakumeak lan prekarioetara behartuz”.
Lan bera, soldata ezberdina
Lanean sektore maskulinizatu eta feminizatuen islada nabaria da oraindik. “Lantegi batzuetan ez dago makinetan emakume bakarra ere, Amurrio Ferrocarril edo Guardianen kasu”.
Feminizatutako beharren artean daude, ezbairik gabe, zaintza eta hezkuntza. Izan ere, neskak dira nagusi bi sektoreetan. “Irakaskuntzan denok berdina kobratzen dugula ematen du, baina ez da horrela: 0-3 urtekoekin aritzea lan prekarioagoa da DBH edo Batxilergoan jardutea baino, soldata baxuagoak dituzte, eta lan ordu gehiago. Garbiketa edo jantoki zerbitzuetako beharginen kasuan zer esanik ez. “Zaintza lana prekarizatua dago”. Arazoetatik harago, soluzioak ere identifikatu ditu Landetak: eskubide berriak exijitu beharko ditugu denbora, autozaintzarako eskubidea, etxeko lan baldintza duinak eta abar izateko. Eta, zergatik ez, enpresei zerga erreproduktiboak eskatzeko, zaintza komunitarioan inberti dezaten”. Lehen sektoreari buruz ere mintzatu da: “Baserritar emakumeen errealitatea ere hartu behar da aintzat, edota etorriberriena, euren eskubideen defentsan apenas egin dugu ezer. Bizitza maiuskulaz jarri behar dugu erdigunean. Ez dugu ezeren beldurrik izan behar, emakumeon garaia da”.
Urduñan, Aiaran, Artziniegan, Orozkon, Laudion eta Amurrion ekintza ugari prestatu dituzte Greba Feminista dela eta
Lana ez ezik, sistema kapitalista eta heteropatriarkatuaren eragina izan zuten hizpide Arespalditzan. Iraia Pereiro gazteak, “emakume bollera, euskaldun eta gaztea izateagatik” jasaten dituen zapalkuntzak kontatu zituen. Txikitatik, sistema eta rol eredu jakinak sustatzearen ondorioz, gogoeta asko egindakoa da Pereiro: “Nire jarrera, desira eta janzkerak ez ziren genero bitasunean -emakumezkoa edo gizonezkoa- eta heteroarauan sartzen: gorputzaren idealizazioak, bestelako desirak eta nahiak izateak... min eta indar asko eman dit, baina oso harro nago”.
Erlazio sexu-afektiboak emakumeekin izateko desira izan du gaztetatik laudioarrak, eta horrek eskubide eta gizartearekin talka ugari eragin dizkio, “zorionez, familia eta lagunekin zorte handia izan dut”. Hain zuzen, emakume*, trans eta lesbianei ikusgarritasuna emateko hautua egin du Mugimendu Feministak greba deialdietan, bestelako harreman eta generoak azaleratzeko asmoz.
Irakaslea da lanbidez Pereiro, baina ez du pentsatzen berea bokazio soila izan denik, lanean oso gustura badago ere: “Magisteritzan 100 ikasletik 8 ziren soilik gizonak. Gurea ez da bokaziozko lanbidea bakarrik, zaintza eta heziketa lanak barneratu dizkigute emakumeei betidanik”.
Txanponaren alde onarekin geratu da, hala ere: “Irakaskuntza aurrera egiteko balia dezakegu, hezkuntza eraikuntza sozialerako oso eremu inportantea baita”.
Zaintza lanen aitortza eta banaketa eskatzearekin batera “Bizitza erdigunean” jartzea izango da aurtengo xedea
Kolonialismoaren atzaparrak
Zenbateraino dago errotua kolonialismoa? “Gazteleraz hitz egiten badut, kolonialismoaren ondorioz da”, dio Joana Muñoz ecuadortarrak. Amurrion bizi da, eta iazko martxoaren 8tik zenbait proiektu sortu ditu: arabiar hizkuntza belaunaldi berriek berreskuratzeko taldeak, adibidez. Emakume errefuxiatuak ugaritu egin dira, bere esanetan: “LGTBI kolektiboko askok alde egin behar izan dute euren herrialdetik”. Kolonialismotik harago, bestelako joerak ere oso errotuta daudela sumatzen du, etorkinekiko zurrumurruak kasu. "Erroldatzeko tramitazioa, lan internoak eta abar. Bizi ezik, ezinezkoa da egoera ezagutzea”,. Horregatik, garrantzitsutzat du emakume etorriberriekin elkartu eta “ahotsa ematea”. Zentzu horretan, gune seguruak eratzen dihardu, “eraiki edo deseraikitzeko”.
Kapazitismoa da Greba Feministak mahaigaineratu duen azken ardatza, aniztasun funtzionala. “Heziketa berezian oso agerian geratzen da: behar bereziak dituztenek zapalkuntza laukoitza dute”, ekarri zuen gogora Oihana Gomarak. Jarrera paternalistak guztiok ditugula aitortzen du, berari ere pasa baitzaio burutik lanean “Nola lagunduko dut pertsona hau, mundu basati honek ez irensteko?. Guk ere paternalismotik erantzuten dugu batzuetan nahi gabe. Ez dugu esan behar ezberdina izatea polita denik; baizik eta kontrara, ezberdin izatea normaltasunera ekarri behar dugu”.