Tubacex taldeak 2018ko jarduerari buruzko balorazio positiboa egin du. Alde batetik, 2017an baino eskari gehiago izan zituen eta salmentak %38,1ean hobetu dituzte. Guztira, 17,4 milioi euroko mozkinak eskuratu dituzte.
Bestalde, EBITDA, hau da, etekin kopurua zergak eta tasak kendu gabe, 69,6 milioi eurora heldu da. Berez, ez zen hain ona 2008tik, eta iazkoa ia hirukoiztu du.
Gainera, enpresako zuzendaritzak azpimarratu du aurten eta 2020an negozioa hazteko aukera dagoela. Aurreikuspen horiek egiteko aintzat hartu dituzte azkenaldian lortutako akordioak -Egipton energia nuklearra ekoizteko eta Ekialde Hurbilean petrolio eta gas sektorean kontratuak erakartzeko- eta etorkizunean sortuko dituzten patenteak.
Hala eta guztiz ere, Tubacexek azaldu du ezustekoa izan duela Irango proiektua bertan behera geratu ostean. Horren ondorioz, nikel erreserba handiak dituzte, aurten erabiltzea espero dutenak.
Zor finantzarioari dagokionez, ia 2 herenetan murriztu dute. Horrez gain, aurten inbertsio garrantzitsuak egikarituko dituztela aurreratu dute, 2020an eta 2021ean zabalkundea ziurtatzeko.