Ehunka emakume* grebalarik hartu dituzte Aiaraldeko kale eta plazak

Erredakzioa 2019ko mar. 8a, 22:53

Indartsu hasi dute Aiaraldeko emakumeek* greba feminista. Goizean goizetik kaleak hartu dituzte grebalariek. Gosariak eskaini dituzte herrietako plazetan, indarrak hartzeko. Kalejirak egin dituzte jarraian. Kontsumoaren aurka mobilizatu dira Laudion eta Amurrion. Bi herrietako saltoki handietara bertaratu dira emakumeak*, grebaren aldeko aldarria zabaltzeko.

Urduñako Eroskiko emakume langileek bat egin dute hirian eguerdian egin den mobilizazioarekin. Euria dela eta Foru plazako karpara mugitu behar izan dituzte tailerrak eta emakume ezagunen biografien erakusketa. Baina laster atera da berriz eguzkia, eta jende andana batu da plazatik atera den mobilizaziora.

Amurrion, Orozkon eta Laudion ere ehunka emakume* gerturatu dira eguerdirako programatutako baterajotzeetara. Arespalditzan eta Artziniegan ere egin dituzte elkarretaratzeak.

Tailer eta dinamika ugari
Mobilizazioez gain, tailer eta dinamika ugari jarri dituzte abian herrietan. Amurrion truke azoka, denbora bankua eta mural margotzea egon dira, besteak beste. Orozkon, aldiz, stencil tailerra gauzatu dute.

Eskualdeko mobilizazioa, Urduñan
Bazkariak egingo dituzte Orozkon, Amurrion, Laudion eta Urduñan, ehunka pertsonentzako. Arratsaldean hainbat ekintza egingo dituzte herrietan, baina 19:00etan Urduñara joango dira, kotxe karabanan. Bertan egingo da eskualdeko mobilizazioa.

Argazkiak: Aiaraldeko Mugimendu Feminista, Eider Garcia, Aitor Burgoa eta Aiaraldea.eus

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide