Bost ordu baino ez ditu emango Aiaraldean 21. Korrikak. Apirilaren 10ean goizaldez sartuko da Urduñan, eta 9:00ak pasata agurtuko du Arrankudiaga-Zollon. Biharamunean, hilaren 11n, Artziniegan barrena ibiliko da.
Bi urtero behin euskara eta AEKren alde egiten den ekimenak, baina presentzia askoz gehiago izango du bailaran datozen egunetan. Izan ere, ate-joka daude Korrika Kulturalak, baita "Korrika txikiak" ere.
Arrankudiaga-Zollon, esaterako, martxoaren 31n abiatuko dute ekimena, "Korrikaren aldeko azoka", material salmenta eta IX. Pintxo lehiaketarekin. Apirilaren 5an, berriz, afaria egingo dute Gizarte Etxean. Apirilaren 10ean 9:28ean igaroko da ekimena bertatik, baina arratsaldean segiko dute festak zein aldarriak: 16:30ean txokolate jana egongo da plazan, eta ondoren zurezko plaza jolasak eskainiko dituzte.
Laudioko egitaraua
Laudion kirol eta kultur ekintza andana pilatu dituzte Korrikaren aitzakipean. Apirilaren 4an, esaterako, Gure oroitzapenak filma proiektatuko dute 19:00etan; eta biharamunean -hilaren 5ean- Neretik ikuskizuna oholtzaratuko dute kasinoan 19:30ean, Andoni Egaña bertsolariaren emanaldi musikatua. Antzerkirako tartea ere aterako dute apirilaren 7an, Desentxufatuak obra interpretatuko baitute Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak kasinoan, 18:30ean.
Egun berean Ugarteko Auzo Elkarteak eta Basalarrinak mendi ibilaldia antolatuko dute, 8:30ean eta 9:30ean abiatuko dena ibilbide motz zein luzearekin. Dena den, umeentzat emanaldiak ere aurreikusi dituzte, Potxin eta Patxin pailazoena kasu. Apirilaren 10ean izango da hori, 17:30ean kasinoan. Horrez gain, ostegunean -apirilaren 11n- pintxopotea baliatuta, Korrikatik olinpiadetara kale animazioak girotuko ditu kaleak, 19:00etatik aurrera.
Urduñako jarduerak
Urduñan, ostera, eskaintza zabala aurkeztu dute. Batetik, hilabete hasieratik 14ra arte Korrikari buruzko argazki erakusketa atonduko dute Alondegian, Aiaraldea hedabidearen laguntzarekin. Bestetik, apirilaren 6an materiala erosteko aukera eskainiko dute Foru plazan. Txarlazo mendi taldeak, bere aldetik, Urduñako inguruetatik mendi irteera gidatuko du apirilaren 7an, 10:30ean Foru plazatik aterata. Hain zuzen, 8 kilometroko zeharkaldia proposatu dute, bukatzeko mokadu eta guzti.
Dena den, apirilaren 10etik aurrerakoak izango dira jarduera indartsuenak ziurrenik. Izan ere, Korrika goizeko ordu txikitan igaroko denez, herri gosaria deitu dute indarrak berreskuratzeko. Eskolak, aldiz, ostiralean aterako dira "Korrika txikiarekin" kalera. Larunbat horretan -apirilaren 13an- baina, "Euskara izerdi patsetan" ekimena gauzatuko dute, lehenengoz. Hala, hainbat kirol motez gozatzeko aukera egongo da plazan.
Amurrioko ekintzak
Amurrion ere makina bat hitzordu prestatu dituzte. Gaur yoga tailerra edukiko dute, 10:30ean. Korrika kamiseta baten bidaiak solasaldian zentratuko da, bestalde, Koldo Urkixo (apirilaren 2an, 10:30ean); eta 3an igel eta dardo txapelketa osatuko dute euskaltegian, 18:00etan. Edozelan ere, apirilaren 10ean 6:00ak aldera itxarongo dute amurrioarrek Korrika herrian, baina eskolen txanda apirilaren 12an izango da, 15:15ean.
Aiaraldea hedabideak 21. Korrikaren jarraipen berezia egingo du datozen egunetan. Besteak beste, atari berezia prestatu du komunikabideak, artikulu, bideo, hitzordu eta argazki guztiak bertan biltzeko.
Aiaraldea hedabideari adierazi diotenez, Artziniegan eta Aiaran ez dute egitaraurik plazaratu momentuz. Arakaldon, berriz, Korrikako kilometroa izango da deialdi bakarra. Orozkon, ordea, apirilaren 12an egingo dute Zubiaur plazan Korrika jaia, aurten lasterketak ez baitu herria zeharkatuko. Okondon, aldiz, Korrika txikia prestatuko dute eskolak eta Guraso Elkarteak, eta ondotik "Disko jaia eta askari osasungarria" edukiko dute.
Egitaraua egunka
- Martxoaren 28an, 10:30ean, Amurrioko euskaltegian, Yoga tailerra (June del Casal)
- Martxoaren 31n, 11:00etatik aurrera, Arrankudiagako plazan, azoka, material salmenta eta pintxo lehiaketa
- Apirilaren 1etik 14ra, Urduñako Alondegian, argazki erakusketa
- Apirilaren 2an, 10:30ean, Amurrioko euskaltegian Korrika kamiseta baten bidaiak (Koldo Urkixo)
- Apirilaren 3an, 18:00etan, Amurrioko euskaltegian, igel eta dardo txapelketaç
- Apirilaren 4an, 19:00etan, Laudioalden, Gure oroitzapenak filma
- Apirilaren 5ean, 19:30ean, Laudioko kasinoan, Neretik ikuskizuna (Andoni Egaña)
- Apirilaren 5ean, 21:00etan, Arrankudiagako Gizarte Etxean, afaria
- Apirilaren 6an eta 7an, goizean zehar Urduñako Foru plazan, material salmenta
- Apirilaren 7an, 10:30ean, Urduñako Foru plazatik, mendi ibilaldia (Txarlazo Mendi taldea)
- Apirilaren 7an, Amurrio Antzokian, Kolore anitzak haurren ipuin kontaketa musikatua
- Apirilaren 7an, 18:30ean, Laudioko kasinoan Desentxufatuak antzezlana (Patxo Telleria eta Mikel Martinez)
- Apirilaren 7an, 8:30ean eta 9:30ean, Laudioko Ugarte auzoko plazatik mendi ibilaldia (Ugarte Auzo Elkartea eta Basalarrina)
- Apirilaren 10ean, Aiarako Etxaurren ikastolan, diskofesta
- Apirilaren 10ean, 17:30ean, Laudioko kasinoan, Potxin eta Patxin pailazoak
- Apirilaren 10ean, Urduñan, Korrika ondoren herri gosaria (Urduñako Gazte Asanblada)
- Apirilaren 10ean, 16:30ean, Arrankudiagako plazan, txokolate jana eta zurezko plaza jolasak
- Apirilaren 11n, 19:00etan, Laudioko kaleetan "Korrikatik olinpiadetara" kale animazioa
- Apirilaren 12an, 16:00etan, Okondon, Korrika txikia, askari osasungarria eta disko festa
- Apirilaren 12an, 15:15ean Amurrion, Korrika txikia
- Apirilaren 12an, 15:00etatik aurrera, Urduñan, Korrika txikia
- Apirilaren 12an, arratsaldean, Orozkon, Korrikaren aldeko festa
- Apirilaren 13an, goizean zehar, Urduñako foru plazan, Izerdi patsetan euskaraz kirol ekimena
- Apirilaren 14an, herri gehienetatik, Gasteizera autobusa