Korrika nagusian ez ezik, nola hartu ahalko dute parte umeek ekimenean? Korrika Txikiak izaten dira ume eta guraso andana elkartzeko hitzorduetako bat. Aurrez, baina, haurrentzat emanaldiak ere izango dira eskualdeko zenbait tokitan. Gainera, AEKk ikastetxeetarako unitate didaktikoa prestatu du, eta bateko zein besteko, dinamikaren baitan murgilduta daude bailarako eskola gehienak.
Alabaina, aldarri eta gozamenerako apirilaren 12an antolatuko dituzte Korrika Txiki guztiak eskolek eta Guraso Elkarteek. Okondo ere batuko da dinamikara, nahiz eta Korrika "nagusia" bertatik ez igaro. Laudion 8:30 inguruan pasako da herritik Korrika nagusia, eta horrenbestez, ikastetxe guztiek bertan hartuko dute parte, kilometro propioa erosita. "Ondorioz, ez da Korrika Txikirik egingo". Hala baieztatu du Bego Jimenez Laudioko AEKko kideak. Ez da kasu bera gertatuko Urduñan eta Amurrion, ostirala aprobetxatuko dute haurren ekimena gauzatzeko.
Korrika Txikiak herrika
Honakoak izango dira eskualdeko Korrika Txikien hitzorduak eta abiapuntuak. Ohi bezala, Aiaraldea hedabideak jarraipen berezia egingo du.
- OKONDO: 16:00etan Okondoko Eskolatik
- URDUÑA: 15:00etan Herri Eskolatik
- AMURRIO: 15:15ean antzinako gasolindegitik
Haurrentzat ikuskizunak
Bestalde, Korrika kulturalaren baitan umeei zuzendutako zenbait ekintza egongo dira. Amurrio Antzokian, esaterako, Araba Euskarazekin elkarlanean Kolore anitzak ipuin kontaketa musikatua egongo da apirilaren 12an, 17:00etan. Aiaraldea hedabideak, gainera, bi lagunentzat sarrera bikoitza zozketatuko du.
Apirilaren 10ean, berriz, Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia egongo da Laudion, eta Arrankudiagan txokolate jana zein zurezko plaza jolasak. Apirilaren 14an ere egitarau zabala egongo da Gasteizko amaiera festan haurrentzat.