ANALISIA

Lapurretak %14 jaitsi dira Aiaraldean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko api. 8a, 07:00
Laudioko udaltzain bat Batzalarrin kalean, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Geroz eta txikiagoa da kriminalitate-tasa Aiaraldean, sare sozialetan eta hedabideetan zabaltzen diren mezuek aurkakoa iradokitzen duten arren. Nola liteke?

Lapurretek behera egin dute Aiaraldean. Hori ondorioztatu daiteke Laudioko Ertzain-etxeko datuak ikusita. Komisaldeariaren arabera, “ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako” 691 arau-hauste jazo ziren Aiaraldean 2017an. 2018an, aldiz, 593 izan ziren, %14,18 gutxiago.

Hainbat motako delituak barnebiltzen ditu  “ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako arau-hausteen” atalak. Ebasketak daude alde batetik: 213 salaketa 2017an eta 186, aldiz, iaz.

Beste aldetik, eraikinetan indarrez sartuta egiten diren lapurretak daude. Mota horretako gertaeren 178 salaketa egin ziren Aiaraldean 2017an. Lapurreta horietako 47 etxebizitzetan jazo ziren (15 etxeen barruan eta 32 etxeen alboko bestelako eraikinetan; etxolak, garajeak eta abar).

Enpresetan 7 lapurreta egin ziren, 60 establezimendu komertzialetan (tabernak eta saltokiak) eta  64 bestelako eraikinetan.

Hurrengo urtean, aldiz, salaketa gutxiago egon ziren: 176 guztira. Etxebizitzetan lapurreta kopuru bera mantendu zen: 47. Establezimendu komertzialetan eginiko lapurretek, aldiz, behera egin zuten nabarmen: 49 jazo ziren, aurreko urtean baino %18,3 gutxiago. Enpresetan eginiko lapurreta kopuruan egon zen igoera: 7 izan ziren 2017an eta 17, berriz, 2018an.


2017tik 2018ra %18,3 jaitsi da saltoki eta tabernetan eginiko lapurreten salaketa kopurua



Era berean, behera egin zuen “biolentzia edo larderia” baliatua eginiko lapurreten kopuruak: Aiaraldeko 10 salaketa jaso zituzten Laudioko Ertzain-etxean 2017an eta 8, aldiz, iaz.

Motordun ibilgailuen lapurretak, ordea, gora egin zuen: bost izan ziren 2017an eta hamabost 2018an. Iruzurren salaketek, aldiz, nabarmen egin dute behera: 75 izan ziren 2017an eta 28 iaz.

Laudioko datuak
Laudioko datuei soilik erreparatuta, joera antzekoa dela sumatu daiteke: kasu gehienetan behera egin du salaketa kopuruak. Mantendu egin da enpresetan eginiko lapurreten kopurua: bina 2017an eta 2018an.



Datuen atzeko errealitatea
Aitortu behar dut, arestian aipatutako zenbakiak lehen aldiz ikusi nituenean, zur eta lur geratu nintzela. Nola zen posible? Aiaraldea hedabidean geroz eta sarriago ematen ditugu eskualdean (Laudioko erdigunean, batez ere) ematen diren lapurreten berri.

Hemerotekan begiratu berri dut: mota horretako gertaerei lotutako bost albiste argitaratu genituen 2017an. Iaz, aldiz, 16 publikatu genituen, eta aurten beste bost plazaratu ditugu, urtarriletik martxora bitartean. Lapurreten olatu baten aurrean geundela zirudien, eta herritarren artean ere alarma piztua zegoen.

Baina ez. Datuek ez dute zalantza izpirik uzten: Aiaraldeko kriminalitate-tasa EAEko txikienetakoa da, eta beherantz doa gainera. 2017an 1.060 arau hauste penal jazo ziren guztira eskualdean (25 delitu 1.000 biztanleko). 2018an, aldiz, 1.000 izan ziren (1.000 biztanleko 23,58).

Aiaraldeko delinkuentzia-tasa EAEko txikienetakoa da, eta beherantz doa gainera


Zer gertatzen da orduan? Oker daude ertzain-etxeko datuak? Jendeak ez ditu lapurretak salatzen? Ez bata ez bestea. Nire susmoa da Aiaraldea hedabidean ez ditugula geroz eta albiste gehiago publikatzen geroz eta lapurreta gehiago daudelako, geroz eta lapurreta gehiagoren berri dugulako baizik.

Uste dut berdin gertatzen dela beste hedabide batzuetan. Lapurreten gaiari duena baino garrantzi handiagoa ematea dakar horrek, agian salbuespena dena arau orokorra izango balitz bezala tratatuta. Hedabideetako kideok badugu zer hausnartu hor.

Eta iruditzen zait berdina gertatzen dela gure jendartean. Herrietako Facebook taldeetatik eta profiletatik begirada bat botatzea nahikoa da horretaz ohartzeko. Amurrioko Udalak abiatutako aurrekontu parte-hartzaileen azken edizioa ere bada horren adibide. Honako proiektu hau izan zen bozka gehien jaso zuenetako bat: 24 orduko kamerak jartzea segurtasun arazoak dituzten udalerriko puntu estrategikoetan.

Horrelako gauzek 80. hamarkadan Laudion bizi izan zen egoera ekartzen didate gogora, lapurretei aurre egiteko auzokide-patruilak antolatzen zirenekoa. Nik ez dut garai hori bizi izan, baina TV3 telebista kataluniarrak eginiko erreportaje honetan ederki islatua agertzen da:

Llodio: patrulles urbanes

Des del gener del 1987, els comerciants i botiguers de Llodio organitzaven unes patrulles urbanes de vigilància pels carrers, per evitar els robatoris que s'estaven produint i cridar l'atenció sobre la inseguretat ciutadana. La conseqüència d'aquesta mesura va ser que van baixar els robatoris a Llodio, però van créixer als pobles del voltant, com Amurrio.

Argi dago beste garai bat zela (heroinaren afera pil-pilean zegoen, adibidez, eta horrek bazuen eragin zuzena delinkuentzia-tasan). Hala ere, nik behintzat argi dut ez nukeela antzeko egoera bat bizi nahiko, are gehiago horretarako inolako beharrik ez dagoenean (esan bezala, datuek arazoa geroz eta txikiagoa dela erakusten dutelako).

Horregatik, tentuz ibili beharko ginateke gai honekin, eta datuei erreparatu. Izan ere, segurtasun faltaren sentsazio puztu eta paranoikoak koktel ezin arriskutsuagoa osatzen du zurrumurru arrazistekin. Gaur egun ematen ari den eskuin muturraren gorakadarekin are sukoiagoa bihurtzen den koktela. Hogar Social Madrid talde nazia da segurtasun faltaren afera bere onura politikorako baliatu duen eragileetako bat. Eta nola ez, Santiago Abascalek ere erabili du bere armen zaletasunari (nahiz eta zerbitzu militarra ez egin) irtenbidea emateko, balizko segurtasun falta aitzakia hartuta.

Beldurra eta ardura zerbaitek eman behar izatekotan, horrek eman beharko liguke, eta ez geroz eta gutxiago diren lapurretek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide