[ANALISIA] "Klika" polemika: Purista edo modernoa? Kaikua ala txandala?

Aitor Aspuru Saez 2019ko api. 9a, 07:00

Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte

Korrika girotzeko berebiziko tresna bilakatu zen aspaldi edizio bakoitzeko abestia; eta, azken urteetan, baita bideoklipa ere. Kantek jendea lotzeko gaitasun ikaragarria lortu dute, baina “Klika” leloa zabaldu duenak hautsak harrotu zituen hasieran. Eztabaida horretan, non kokatu zure iritzia? Purista edo modernoa? Kaikua ala txandala?

Iragan azaroaren 29an aurkeztu zuten aurtengo Korrikaren edizioaren bideoklipa. Ezustean, polemika piztu zuen Fermin Muguruzak eta hainbat sortzailek egindako abestiak. Arraroa da horrelako ekimen batean zerbaitek hautsak harrotzea. Izan ere, badirudi euskaldun orok daukala txokoa bihotzean Korrikarako, eta norabide horretatik datorrena, printzipioz, modu atseginean onartzen dela.

Aldiz, “Klika” abestiak eta bideoklipak desadostasuna eragin zuen euskaldun sutsuen artean, eta polemika euskal burbuila birtualaren tamainakoa izan bada ere (hau da, txikia), esanguratsua ere izan da.

Hasteko, esan beharra dago, jende askoren adierazpenetan sumatzen zela klipean islatzen den modernitatea eta tradizioa uztartzeko saiakerak fobia sortu ziela. Berez, bideoklipean euskal dantzen eta kaleko dantzen (break dance, hip hop...) lehia antzezten da (eta gure ohiturek ez dute irabazten).

Zentzu horretan, bistakoa eta ukaezina da euskaldunak atzerakoiak garela kontu estetikoetan. 80ko hamarkadaren hasieran batzuek Rock Radical Vasco deiturikoa salatu zuten punka eta rocka amerikarren asmakizuna zirelako (erreparatu gabe zer nolako eragina izan zuen iparraldeko zein hegoaldeko folk amerikarrak Mikel Laboarengan, esaterako).

 

80ko hamarkadaren hasieran batzuek Rock Radical Vasco deiturikoa salatu zuten punka eta rocka amerikarren asmakizuna zirelako



Klasismoa
Kosmopaletismoaren aurrean (hau da, kanpotik datorren edozein moda modu akritikoan ospatu eta onartzeko joeraren aurka) euskal zuhurtzia atzerakoi hori maiz osasuntsua izan da iruzurren esku ez geratzeko. Hala ere, ez legoke txarto nork bere buruari galdetzea zein neurrian “urban style” horren ukazioaren atzean klasismo hutsa ez ote dagoen.

Txandala, arropa elastikoa, top-ak... ez dira klase ertaineko euskaldun peto eta zintzoen irudian sartzen, gizartearen alde lumpenari egozten baitiogu estetika hori. Itxura hori gimnasioetan, diskoteketan eta abarretan kokatzen dugu, eta, tamalez, estereotipo klasistak azken muturrera eramanda, Ezkerraldean eta Bilbo Metropolitanoko zenbait auzotan zokoratzen ditugu. Erreparatu gabe Euskal Herriko jende gehiena han pilatzen dela.

Hala ere, irudi horri erantzunez, Ainhize Solaun aiaraldearra agertzen da bideoklipean figurante gisa. Dantza irakaslea da Solaun. Bere iritzia argia da: “Abestia oso gogoko dut eta bideoa baita ere. Dantzariak oso onak dira. Ulertzen dut abestia arrotza izatea, baina estilo ezberdinak uztartzen ditu eta oso dantzagarria da. Gainera, kolore asko ditu bideoklipak”.

Poztasun horrekin alderatuta, eta ezadostasun klasistak edo estetikoak baztertuta, kritiko batzuek umeak gatibu moduan erabili zituzten “Klika” kantaren aurka. Hain zuzen, irakasle batzuek aipatu zuten ezinezkoa zela umeei abestia erakustea, ustez ez baitzuen melodiarik! Une horretan iruditu zitzaidan Maud Flanders -Ned Flandersen emaztea- entzuten nuela The Simpsons telesaioan oihukatzen: “inork ez al du umeengan pentsatuko?”.

 

Ume eta gazteentzat errazagoa izan daiteke hip hop, trap edo dancehall estiloak jarraitzea gitarraz jotzen den beste edozein genero baino, musika mota hori entzuten baitute ohikoan

 

Ziurrenik, irakasle horiek sorpresa ederra hartuko lukete ume eta gazteekin hitz eginda, errazagoa izan baitaiteke eurentzat hip hop, trap edo dancehall musika jarraitzea gitarraz jotzen den beste edozein genero baino, hori entzuten baitute ohikoan.

Idoia Jimenez Ibarrola tradizioa ordezkatzen duen azkenengo pertsona da bideoklipan, txistua jotzen baitu abestian. Laudioarrak ere aldeko iritzia du, baina bere adierazpenetan sumatzen da kritiken berri izan duela: “abestia polita, arina eta dantzagarria iruditzen zait, are gehiago proiektuan parte hartu ostean. Letra ikastea eta abestea zaila izan daiteke, baina kliparen zuzendariaren beste kantu asko ezagutu ondoren, honek ez nau hainbeste harritu. Ulertzen dut jende askok gustukoa ez izatea, dena den, egungo abestia da eta aukera bat merezi du".

Egiletza
Aurreiritziak alde batera utzita, zalantzarako tartea dago gustuei dagokienez, jakina. Bide horretatik, agian Fermin Muguruzaren hautaketa eztabaidagarriagoa izan daiteke -errespestu osoz-. Argi dago berak ahalegin izugarria egin zuela Negu Gorriak taldeko garaian hip hopa gurera ekartzeko, baina XXI. mendean hip hopak eta trapak berezko bizitza dute Euskal Herrian.

Ez da beharrezkoa izan 55 urteko gizonezko batek soinu horiek babestea, Gorpuzkingz bezalako talde batek defendatu ditzake, adibidez, behi sakraturik gabe. Izan ere, hip hopa eta trapa ez dira geldirik egon Muguruzak landu ez dituenean, baina, tira, hori antolatzaileen erabakia izan da, eta bistakoa da ere iruindarrak musika ez ezik, bideoa ere nabarmen jorratu duela.

Bestalde, artearen esparruan ere egon da eztabaida. Batzuentzat emaitza ez da guztiz ona izan, apur bat behartuta egon delako. Horretan, nola ez, ezin sartu, gustu soila denean, ez dago irizpiderik. Nik, behintzat, oso gustuko izan dut kanta zein bideoa.

 

Hemendik At-ek arrautzakada jaso zuen Amurrion. Egun, nik zein arrautza bota zutenek lotsa sentitzen dugu eurodance talde euskaldun bati burla egiteagatik



Etorkizunera begira
Dena dela, etorkizunean litekeena da “Klika” abestiaren indarguneak eta ahulguneak modu gardenenagoan irautea. Hala ere, nire uste apalean, nahiko modu koherentean jarraitzen du Korrikaren abestien bilakaera; batzuk motelagoak, beste batzuk biziagoak, genero batzuk edo besteak jorratuta (gogora ezazue azken edizioetan Esne Beltza eta Gose bezalako taldeek elementu berriak gehitu dituztela), baina modu dinamikoan garatu du gustuen aldaketa.

Berez, urte batzuk barru kantak agian adieraziko digu gure iritziei buruz espero baino gehiago. Honekin zer esan nahi dut? Adibidea jarriko dut eskualdera ekarrita. XXI. mendearen hasieran, Hemendik At-ek arrautzakada jaso zuen Amurrion kontzertu batean, eta askok barrez hartu genuen albistea. Egun, nik zein arrautza bota zutenek lotsa sentitzen dugu (galdetu diet, ez pentsa) eurodance talde euskaldun bati burla egiteagatik. Egia da garai horretako testuingurua korapilatsuagoa zela, Txitxarroko leherketak islatu zuen moduan. Baina, azken finean, Hemendik At-eko abeslariak arrautzakada jaso bazuen, garaietarako heterodoxoegia izan zelako izan zen.

Denborak aurrera egin ahala, agian “Klika”-rekin gauza bera gertatuko da eta beste saiakera bat izango da (egungo rap eta trap taldeek egiten duten moduan) jende, genero eta estetika gehiago euskararen mundura batzeko, purista damutuen lotsarako.

Momentuz, abestiaren helburua leloa zabaltzea bazen, lortu du soberan xedea, agertu bezain laster euskaldun oro behartuta egon baitzen kantaren alde edo kontra lerrokatzera. Ezinezkoa zen, bestela, modernoa eta cool izatea gure unibertso txiki eta autoerreferentzial honetan.

Oscar Wildek adierazi zuen bizitzan garrantzitsuena zela jendeak norberari buruz hitz egitea, onerako bazen ere. Horregatik, batzutan nire susmoa da Fermin Muguruza bera izan dela polemika sustatu duena, twitter profil faltsuak balitatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide