“Gerra Zibilari buruzko milaka liburu daude, baina eskualde honi buruz ez zegoen ezer idatzita”

Aitor Aspuru Saez 2019ko mai. 8a, 07:00
Elkarlanean idatzi dute liburua. / Aiaraldea.eus

JOSE RAMON ZURIMENDI (Bilbo, 1961) Guda Zibilak Nerbioigoienan utzitako pasarteak jaso ditu elkarteak argitaratu berri duen liburuan. Proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Nola sortu da liburu hau? Dakigunez, zure asmoa liburu bat idaztea zen, baina ez hau zehazki.

Bai, prozesua handitzen joan zen. Apurka-apurka konturatu ginen hemen gerra zibila gertatu zela eta jende gutxik zekiela. Luiso Lopezekin hasi nintzen lanean -bera baita proiektuaren arima- eta gerrako arrastoak eta aztarnak begiratzeari ekin genion.

Eskualde osoan material pilo dago, Gorbeiatik Artziniegaraino 130 lubaki baino gehiago daude katalogaturik, eta ziurrenik gehiago ere egongo dira, topatu ez ditugunak.

Hori dela medio, arrasto materialak ikustera jo genuen, azaltzeko nola heldu ziren honaino eta zergatik. Luisok lekukotza ugari jaso zituen gerra bizi izan zutenen artean. Haurtzaroko oroitzapenak eta euren gurasoen historiak biltzeari ekin zion.

Nik, ordea, artxiboetan zegoena bildu nuen, sakabanatuta baitzegoen, baita garai horretan egunkarietan argitaratutakoa ere. Bi abiapuntu horiekin, memoria idatzia eta ahozkoa, pentsatu genuen liburua idaztea.

 

“Gorbeiatik Artziniegara 130 lubaki baino gehiago daude katalogaturik”



Hori zen hasierako asmoa.

Bai, denboran luzatzen joan zen prozesua. Urte batean Gogora Institutuak esan zigun diru laguntza emango zigula, baina oso berandu zen lana gauzatzeko.

Azkenean, erabaki genuen liburua egitea eta iruditu zitzaigun interesgarria zela jende gehiago batzea.

Alde batetik, Josu Santamarina EHUko historialaria zerbait bizia egiten ari da San Pedro mendia industen eta bere ikuspegia jaso nahi genuen, azaldu zezan nola dagoen arkeologiaren mundua eta zeintzuk diren indarrean dauden planteamenduak. Gaurkotasuna eman nahi genion, memoria historikoaren eztabaida bizirik baitago gizartean.

Asier Perez de Eulate “Basurde” ere gonbidatu genuen. Aditua da gerra zibileko armatan eta talde ugaritan egon da: Aranzadi, Sancho Beurko... Eusko Jaurlaritzak armada ez zuenez, mota ugariko arma zaharrak erosi zituen merkatu beltzean eta guda zelaian geratu ziren arma eta bala pilo.

Grafikoen bitartez liburuan azaldu du zer arma, fusil eta pistola baliatu ziren alde errepublikanoan. Hori nahiko berria da, EAEn ez baita egin ikerketarik armamentuari buruz. Estatu espainiarrean ere egoera antzekoa da. Infanteriari buruzkoa da, artilleria ez dugu aztertu.

Azkenik, Joseba Egigurenek lana idatzi zuen Urduñako kontzentrazio esparruari buruz eta ikertzen jarraitu du. Liburua idatzi eta gero, informazio gehiago bidali diote.

Luisok, ahozko testigantzak baliatuta, kontakizuna osatu du gertakariei eta memoriari buruz. Beste atal bat egin du ere lubakiei buruz: mapa, planoak... Azkenik, nire lana dago, ia liburu erdia.

 

“Gaurkotasuna eman nahi genion lanari, memoria historikoaren eztabaida bizirik baitago gizartean.Hala ere, errepresioaren gaia ez dugu jorratu”



Zure zatia zer da, zehazki?

Nerbioigoienako gerrari buruzko kronika bat da. Egunez eguneko kronika da, Salamancako, Madrilgo, Avilako, Aldundiko eta Sabino Arana Fundaziokofitxategiak oinarritzat hartuta, besteak beste.

Garaiko prentsa ere erabili dut, 1937ko otsailera arte zentsura oso eskasa zen eta informazio ugari zegoen. Hori errepublikanoan artean. Alderdi eta sindikatu guztiek sortu zituzten euren egunkariak eta oso aro interesgarria da kazetaritzari dagokionez. Alde nazionalean, mezak kenduta, prentsan badirudi ez dagoela gerrarik.

Gerra Zibilari buruzko milaka liburu daude, baina eskualde honi buruz ez zegoen ezer idatzita. Dena zegoen sakabanatuta. Hori guztia bildu dut lan honetan hiru esparruei erreparatuta bereziki: abuztuan Urduña hartzeko saiakera, Villarealgo bataila eta San Pedroko borrokak 1937ko maiatzean. Uste dut ikerketa nahiko osatua dela. Nerbioigoiena kontzeptu modernoa erabili dugu eskualde osoa jasotzeko. Edonola ere, liburu honekin badago erreferentzia bat eta hortik abiatuta ikerketa gehiago egin daitezke.

Nire ustez, liburu honen bertute handiena da historikoki zegoen hutsunea betetzen duela. Hala ere, errepresioaren gaia ez dugu jorratu. Hori oso bestelako pasartea da eta ez dakit dena jasotzea posible izango den. Esaterako, Angel Larreak saiakera egin du Laudion eta etengabe ateratzen dira datu berriak.

Noiz eman zenioten bultzada liburuari?

Materiala duela urte nahiko genuen. Duela bi urte hasi ginen, baina gelditu genuen, ez baikenuen dirulaguntzarik topatu. Duela urtebete, aldiz, dirulaguntza eman ziguten, baina ez zegoen denborarik testua bukatzeko, oso berandu erantzun baitziguten. Aurten Gogorak lagundu gaitu eta denbora tartea ere izan dugu.

Martxoaren 30a zen epe muga eta ozta-ozta heldu gara, nahiz eta Josuk, Josebak eta Asierrek denbora gutxian amaitu euren ekarpenak.

Nire zatia zailagoa izan da, 1937ko neguan borroka artilleroak baitzeuden bakarrik eta kontatzeko gauza gutxi zegoen. Nik esparru militarrari bakarrik erreparatu diot. Liburua 12 euroren truke eros daiteke Aztarna aldizkaria saltzen den lekuetan. Berez, Amurrion eta Urduñan egin genituen bi aurkezpen eta han eskuratzeko aukera egon zen. Gogora institutuko egoitzan ere aurkeztu nahi dugu, Bilbon. Iruditzen zitzaigun, aintzat hartuta eurek jarri dutela dirua, egokia zela han aurkeztea, baina eurek ez dute, antza, horrelakorik egiten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide