Tubacex taldeak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dio 1,8 milioi euroko etekin garbiak izan dituela 2019ko lehen hiru hilabeteetan. Guztira, 143,5 milioi euroko salmentak izan ditu multinazionalak.
Berez, iazko jarduerarekin alderatuta, enpresaren mozkinek behera egin dute %25,5ean eta salmentak ere %14,8an jaitsi dira. Hala ere, bere akzioek gora egin zuten poltsan.
Izan ere, nahiz eta taldeak Irango gobernuarekin kontratua bertan behera utzi Donald Trump Estatu Batuetako presidentearen politiken ondorioz, Tubacexek hainbat mugimendu egin ditu merkatuan bere kokapena sendotzeko.
Antza, kontratu ugari erakarri ditu eta inbertsio garrantzitsuak egin ditu nikela erosteko, akordioa sinatu du Egiptoko gobernuarekin programa nuklearra garatzeko eta aliantzak lortu ditu Midhani enpresa indiarrarekin eta Abu Dabiko inbertsio funtsarekin. Horrez gain, IBF konpainia italiarraren zati garrantzitsua bereganatu du. Hori gutxi balitz, 0,023 euroko mozkinak banatu ditu akziodunen artean akzio bakoitzeko.
Une hauetan, Tubacexen salmenta gehienak Asian jasotzen dira -%42- eta Estatu Batuetan ere kokatu da. Guztira, bere salmenten %21a Amerikan dira eta bertan duen faktorian inbertsioak gauzatu ditu ehuneko hori handitzeko.