Udal eta foru hauteskundeen jarraipen berezia egingo du Aiaraldea hedabideak

Erredakzioa 2019ko mai. 10a, 10:15

Maiatzaren 26an izango dira hurrengo hauteskundeak. / Aiaraldea.eus

Alkategaien bideo elkarrizketak eta zerrendaburuen debateak izango dira, besteak beste, plater nagusia. Aiaraldeko udal hauteskundeetako emaitzen artxiboan bilduta daude 1979tik 2015era bitarteko herri guztietako emaitzak. 

Maiatzaren 26an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Aurtengoan, gainera, Europako ordezkariak ere hautatu beharko dituzte herritarrek. Aiaraldea hedabideak hauteskundeen atari berezia prestatu du jarraipena egiteko. 

Azken 40 urteetako emaitzak, herrika
Webgune berezian pilatuko dira hauteskundeei lotutako eduki guztiak. Bertan daude, besteak beste, azken 10 udal hauteskundeetako Aiaraldeko herri guztietako emaitzak, 1979 eta 2015 artekoak, hain zuzen. Hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusien argazki kronikak ere ekoitziko ditu hedabideak. 

Alkategaien bideoelkarrizketa eta debateak
Bestalde, alderdietako zerrendaburuen elkarrizketak eta debateak plazaratuko dira, bideo formatuan. Horrez gain, alderdi bakoitzaren ekitaldi bana jasoko da argazki kroniketan. Gainera, artikulu seriea prestatu dute kazetariek, ikuspegi ezberdinak azaleratzeko.

Inkestak eta porrak
Beste nobedadeetako bat irakurleen artean hauteskundeen eragina neurtzeko inkestak izango dira. Ildo beretik, herrika porrak jarriko dira erabiltzaileen eskura, zinegotzi kopurua asmatze aldera.

Egunkari bereziak
Maiatzaren 15eko Aiaraldea Hemen hamabostekarian hauteskundeei buruzko gehigarri berezia plazaratuko da. Maiatzaren 27rako -hauteskundeen biharamunerako-, berriz, 32 orriko edizioa prestatzen dihardu hedabideko lantaldeak.  

Maiatzaren 26an, zuzeneko jarraipena
Maiatzaren 26an bertan, udal eta foru hauteskundeen zuzeneko jarraipena egingo da, aiaraldea.eus atarian. Hala, sare sozialetan zuzeneko kontaketak egingo dira, herri eta auzoetako giro zein emaitzak zabaltzeko. Ohiko artikuluez gain, zenbait analisi eta argazki zein bideo kronikak ekoitziko dira. Halaber, alkategaien emaitzen irakurketak bilduko dira, nola webgunean hala biharamuneko egunkari berezian argitara emateko. Horrenbestez, Aiaraldea hedabideak multimedia formatu anitzetan emango dio zabalkundea eskualdeko mapa politikoaren eraketari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide