[ANALISIA] Genero ikuspegia: ahotan lehen, ekinbidetan azken

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 23a, 07:00

Nola tokiko instituzioetarako herri programak osatzeko hala zerrendetan joateko, geroz eta gehiago hartzen da aintzat emakumeen presentzia. Alderdi gehienek berdintasuna darabilte ahotan ekiteko moduetan, baina nabarmena da: jendartean oraindik genero aniztasuna bermatzetik urrun gaude. Genero ikuspegiari proiektu sozial eta politikoetan garrantzia gehiago edo gutxiago ematen zaiola nabari da alderdiaren arabera. Horren adierazle dira zerrendetako emakumeen kopuruak, neska hautagaien postuak, edota herri programetan berdintasun politikek zein ikuspegi feministak duten isla.

Alkategaien %30 da emakumea
2015-2019 lege agintaldian Amurrion, Urduñan eta Arrankudiaga-Zollon izan da soilik emakumezkoa gobernu talde buru. Datozen lau urteei begira, Aiaraldeko 9 udalak gobernatzeko 33 alkategai aurkeztu dituzte orotara alderdi ezberdinek. Zerrendaburu guztietatik 10 baino ez dira emakumezkoak, zerrendaburuen %30.33 hain zuzen. Horrek baieztatzen du, gaur-gaurkoz, tokiko instituzioen botereguneetan gizonen ikuspegi eta erabakiak nabarmentzen direla. Edozelan ere, zinegotzi kopurua eskualdeko datuetara ekarrita -97 hautetsi dira- parekidetasuna da nagusi %48.45 baita emakumezkoa (47 ordezkari). Hautagaien adinak ere beste gogoeta bat dakar argitara: politikagintza zein udalgintzan diharduten neska gehienak gazteak edota nahiko helduak dira. Hau da, salbuespenak salbuespen, 25-40 urte bitarteko neska oso gutxi daude instituzioetan aritzeko prest; batez ere, gizartearen joerak bestelako lan batzuen kargu uzten dituelako, amatasuna kasu.

Edozelan ere, zerrendei erreparatuta, ukaezina da azken urteetan aurrerapausoak eman direla emakumeen parte hartzeari dagokionez. Horrek ez du esan nahi, ordea, instituzioetan -eta ondorioz, jendartean- berdintasuna nagusi denik; sexuak ez baitu bermatzen ikuspegi feminista presente izatea.

Ekitaldietan, gizonezkoen hitzartzeak nagusi
Azken eta datozen egunetan, ekitaldi politiko ugari egongo dira Aiaraldean. Aztertzekoa da ere, hitzartzeetan zer nolako “pisua” duten gizonezkoek eta emakumezkoek. Oraindik ere feminismoaz eta berdintasunaz hitz egiteko tartea emakumezkoari egozten zaio -euren gain utziz egitekoaren inplikazio eta gidaritza osoa, gainontzeko generoek zer egin edo zer esanik ez balute bezala-, eta bestelako gaietan bigarren maila batean azaleratzen da euren hitzartzea. Are, alderdien nazio mailako adierazpen nagusiak -hots, kanpora begira, herritik harago, garrantzitsutzat hartzen diren horiek- gizonezkoek egiten dituzte gehien bat, goi karguetan beraiek baitira “jaun eta jabe”. Horretaz jabetzeko aski da egunkarietako edota telebistetako jarraipenari so egitea. Eta nago, so esateko garaia dela, telebista kateei begira egon baino, herritar guztiak -baita kultura ezberdinetako bizilagunak- barne hartuko dituen giltza egokiak bilatu eta kateak askatzekoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide