Eskualdeko mapa politikoa, berrosatzear

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 26a, 07:00

Bihar berregituratuko da eskualdeko mapa politikoa. / Maialen Ginea

Gaur -maiatzak 26- egingo dira Udal eta Foru Hauteskundeak. Eskualdeko mapa politikoa goitik behera aldatu dezakete botoek, herri bakoitzean dauden aukera eta jokaldi posibleak ezberdinak diren arren.

Berrosatzear dago Aiaraldeko mapa politiko-instituzionala. Gaur -maiatzak 26- milaka aiaraldear daude deituak euren udalerrietako ordezkariak hautatzeko botoa ematera. Alderdi politikoak, talde independenteak, azken lau urtetan bizitakoak eta beste hainbat faktorek eragina izango dute eskualdeko xake taulan.

Laudio: Zalantza asko mahai gainean

Tentsioz betetako hauteskundeak izango dira Laudiokoak, azken unera arte ez baita jakingo zer gertatuko den.

Aldagai asko daude mahai gainean: EH Bildu eta EAJren ohiko lehiari Omniak duela lau urte lortutako nagusitasuna gehitu behar zaio. Era berean, Elkarrekin Podemosen agerpenak politika laudioarreko xake-taulan izan dezakeen eragina ere izan behar da kontuan.

Ezinegona, gainera, ez da hauteskundeekin batera amaituko, garaipen argirik ez badago talde politikoek elkarren artean negoziatu beharko baitute ekainean udal gobernua osatzeko.

Amurrio: Talde politiko asko aulki jokoan aritzeko prest

Amurriokoa da gaur egun Aiaraldeko Udalbatzari anitzena. Sei talde politikok dute ordezkaritza bertan: EAJk, EH Bilduk, Orain Amurriok, PSE-EEk, PPk eta Amurrio Guk Bai-k.

Horregatik, datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeek aukera asko jarriko dituzte mahai gainean, talde batek lortutako emaitzek eragin zuzena izan dezaketelako beste batek gobernatzeko aukeretan.

Gauzak hala, Laudion bezala, hemen ere garrantzia izan dezakete hauteskundeak pasata egingo diren negoziaketek.
Bestalde, Vox aurkezteak eragin zuzena izan dezake PPren emaitzetan. Bi alderdiek batak besteari botoak kendu ahal dizkiote, baliteke biak udaletik kanpo geratzea, beste talde batzuen mesederako.

Arrankudiaga-Zollo: Alkategai berriak lehian

Azken bi lege-agintaldietan EH Bildu egon da Arrankudiaga-Zolloko Udal Gobernuan. 2015eko udal hauteskundeetan 342 boto jaso zituen koalizio abertzaleak (%53.69) eta lau zinegotzi lortu zituen horrela. EAJk, aldiz, 267 pertsonen babesa jaso zuen (botoen %41.92), hiru zinegotzi lortuta. PSE-EE eta PP ere aurkeztu ziren hauteskundeetara, baina oso emaitza txikia lortu zuten: seina boto (%2 baino gutxiago).

Gauzak hala, Itziar Duoandikoetxea izan da udalerriko alkatea azken zortzi urteetan, baina aurtengo udal hauteskundeetan  ez da alkategaia izango, Txutxi Ariznabarretari pasatu baitio lekukoa. EAJn ere belaunaldi aldaketa egon da: Urtzi Vergarak Josu Beaskoetxeari pasatu dio jeltzaleen zerrendaburu izateko ardura.

Arakaldo: Boto gutxik azken emaitza aldatu dezakete

Aiaraldeko udalerri txikiena da Arakaldo, eta hori asko nabaritzen da hauteskundeetan, oso bozka gutxi egon ohi direlako lehen alderdiaren eta bigarrenaren artean.

2015eko udal hauteskundeetan 115 herritarrek izan zuten bozkatzeko aukera, eta  EH Bildu atera zen garaile, 43 herritarren babesa jasota. Lau zinegotzi lortu zituen horrela koalizioak.

Eusko Alderdi Jeltzaleak, bere aldetik, 36 boto jaso zituen, zinegotzi bakarra eskuratuta. 2011ko udal hauteskundeetan ere EH Bildu izan zen talderik bozkatuena, baina EAJrekiko  tartea oso txikia zenez zozketa bidez erabaki zen nork gobernatuko zuen, eta jeltzaleei egokitu zitzaien.

Okondo: Hiru talde alkatetza lortzeko lehian

Okondo, herri txikia izanik, berezitasun ugari ditu hauteskundeei dagokionez. 2015eko emaitzetan argi ikusi daiteke hori: Okondo Aurrera talde independenteak irabazi zuen, 284 boto lortuta. Oso gertu izan zuen EAJ, 280 botorekin. EH Bilduk, aldiz, 157 herritarren babesa jaso zuen. Gauzak hala, Sergio Tatok zortzi urte daramatza Okondoko alkate gisa, lehen lau urteak EH Bildurekin eman baitzen. Aurten berriz saiatuko da alkatetzara iristen. EAJ eta EH Bilduren 2015eko zerrendaburuek, aldiz, ez dute errepikatuko. Naiara Otaola izango da koalizio independentistaren alkategaia eta Jon Escuza, aldiz, jeltzaleena.

Urduña: EH Bildu eta EAJren arteko lehia izango da hauteskudeen ardatza

Gehiengo absolutuarekin gobernatu du EH Bilduk azken lau urteetan Urduñan. 2015eko udal hauteskundeetan botoen %46.87 eskuratu zuen, 1.101 pertsonen babesa jasota. EAJk, aldiz, 844 boto jaso zituen (%35,93).

Urduñako Euskadiko Errepublikarren Batasuna talde politikoa hirugarren geratu zen 145 botorekin, baina ez zuen udalean ordezkaritza lortzeko gutxiengoa bildu. PSE-EE eta PP ere udaletik kanpo geratu ziren, 136 eta 91 boto pilatuta, hurrenez hurren.

Gauzak hala, azken lau urteetan EH Bilduren 6 zinegotzik eta EAJren bostek osatu dute udalbatza. 2011n ere gehiengo absolutua lortu zuen EH Bilduk (koalizioak 6 zinegotzi lortu zituen urte hartan, EAJk 4 eta PPk, aldiz, bat). Beraz, emaitzek erakutsiko dute ea EH Bilduk hirugarrenez nagusitasunari eusten dion.

Artziniega:  EAJ eta EH Bilduren arteko lehian, Alderdi Popularra erabakiorra izan daiteke berriro

Artziniegan ia argi esan daiteke EAJk edo EH Bilduk gobernatuko duela datozen lau urteetan. Baina PP erabakiorra izan daiteke. 2015ean EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, baina oso-oso gutxigatik. Gauzak hala, EAJk gobernatu du ordutik hona, PPk jeltzaleei eman baitzien botoa.

Horregatik, Alderdi Popularraren emaitzak ere berebiziko eragina izan dezake hauteskundeen ostean egon daitezkeen negoziazioetan. 2011n 178 boto lortu zituen. Duela bost urte, aldiz, 178. 

Orozko: Adiek bere nagusitasuna berretsi beharko du

2015eko emaitzak oso onak izan ziren Adierentzat. Orozkoko talde independenteak botoen %52,78 eskuratu zuen, 778 herritarren babesa jasota. EAJk eta EH Bilduk emaitza xumeagoak lortu zituzten: 385 eta 267 boto, hurrenez hurren. Gauzak hala, nagusitasun hori mantentzea izango da Adieren erronka maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan. Pedromari Intxaurraga izango da taldearen zerrendaburua, Josu San Pedrori lekukoa hartuta. EAJ eta EH Bilduren alkategaiak ere berriak izango dira. Koalizio abertzaleak Pili Garcia aurkeztu du Orozkoko alkate izateko eta jeltzaleek, aldiz, Ainara Apraiz. Hirurak dira aurpegi berriak -Intxaurraga, Garcia eta Apraiz- . Gauzak hala, hautagai aproposak direla erakutsi beharko diete herritarrei.

Aiara: Hiru talde politiko nagusi 24 laukiko xake-taulan

Azken lau urteetan hiru izan dira Aiarako Udalean ordezkaritza izan duten talde politikoak: EAJk izan du alkatetza, 2015eko udal-hauteskundeetan 648 boto lortu baitzituen.

EH Bildu izan zen bigarren indarra, 477 herritarren babesarekin. Aiara Batuz talde independenteak, aldiz, 245 boto jaso zituen. PPk boto jaitsiera handia izan zuen urte horretan, eta ordura arte izan zuen zinegotzia galdu zuen. Hori erabakigarria izan zen EAJrentzat.

Gauzak hala, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan ikusi beharko da ea jeltzaleek euren nagusitasuna mantentzerik duten.  Lortuko balute, Gentza Alamillo izango litzateke berriz alkatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide