Udal hauteskundeetako zerrendaburuekin debateak grabatu ditu Aiaraldea hedabideak

Erredakzioa 2019ko mai. 20a, 13:30

Laudioko talde politikoen debatea. / Aiaraldea

Talde politiko guztiei luzatu zaie gonbita. Gaur eta bihar sareratuko dira Aiara, Arrankudiaga-Zollo, Urduña, Orozko eta Laudioko debateak.

Maiatzaren 26ko hauteskundeen harira, alkategaien bideo elkarrizketak ez ezik, debateak ere antolatu ditu Aiaraldea hedabideak. Eskualdeko 9 udalerrietako zerrendaburu guztiei helarazi zaie mezua.

Hala, Aiaran, Arrankudiaga-Zollon eta Urduñan udaleko ordezkaritza politiko guztiek hartu dute parte. Baita Laudion ere: VOX salbu, gainontzeko talde politikoak bertaratu ziren debatearen zitara (EH Bildu, EAJ, Omnia, PSE-EE, PP eta Elkarrekin-Podemos). 

Orozkoko eztabaidan denek agertu dute solasaldian aritzeko prestutasuna, baina osasun arazoak medio, EAJko zerrendaburuak ezin izan du bertaratu.

Okondon, aldiz, oposizio eta gobernu taldearen arteko talkak direla-eta, ez da eztabaida aurrera atera. Arakaldon jeltzaleek ezezkoa eman zuten, eta ondorioz, ez da egitasmoa gauzatu. Antzekoa gertatu da Artziniegan, EAJk eta PPk ez baitute parte hartu nahi izan.

Amurrion, berriz, PPk, VOXek -Santiago Abascalen alderdiak ez du erantzun- eta EAJk uko egin diote debateari; eta hitzorduaren atarian, PSE-EEk ere ezin etorria adierazi du. Orain Amurriok, ordea, komunikazio arazoen ondorioz ezin zuen parte hartu. Haatik, Guk Baik ez parte hartzea erabaki du; EH Bildu prest bazegoen ere.

Datozen egunetan egongo dira ikusgai herrietako eztabaida saioak. Aiaraldea hedabideak eskerrak eman nahi dizkio eskualdeko 9 udalerrietako talde politiko orori eskainitako arretagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide