[ANALISIA] EAJk eta EH Bilduk hegemonia sendotu dute alkatetzetan

Erredakzioa 2019ko mai. 27a, 07:47

EAJk eta EH Bilduk bere nagusitasuna baliatu dute Aiaraldean alkatetza gehienak banatzeko. Jeltzaleek Laudio, Amurrio, Okondo eta Aiara izango dituzte. EH Bilduk Urduña, Arakaldo, Artziniega eta Arrankudiaga-Zollo.

EAJk eta EH Bilduk eskualdeko alkatetza gehienak eskuratu dituzte Orozkon salbu, non Adiek hirugarren aldiz gobernatuko duen herria, eta berriro gehiengo osoz. Aulki joko horretan eskuz aldatu dute zenbait udalerrik: EAJk bereganatu ditu Laudio eta Okondo, eta EH Bilduk Artziniega. Berez, Artziniegan duela 4 urte irabazi zuen koalizioak, baina atzo gehiengo osoa bermatu zuen udala gobernatzeko.

Koloreen aldaketari dagokionez, Laudion eta Artziniegan alkateek nabaritu dute boterea izatearen higadura. Laudion, zehazki, EH Bilduk 454 boto galdu ditu eta EAJk 1.138 gehiago irabazi.

Artziniegan EH Bilduk aurrekoan baino 74 boza gehiago eskuratu ditu, 469 guztira, eta horrek zinegotzi bat gehiago eman dio, EAJk 23 boto gutxiago jasota. Okondon, aldiz, alderdi guztiek izan dute boto gehiago, baina EAJ aurrean jarri da.

Amurrion eta Aiaran agintaritzan egoteak ez ditu jeltzaleak kaltetu. Are gehiago, euren boto kopurua handitu dute. Aiaran, esaterako, EAJk 225 bototan gainditu du bere aurreko kopurua, 873ra helduta. EH Bilduk 170 gutxiago batu ditu eta 401ean geratu da. Aiara Batuzek 10 bozkatzaile gutxiago izan ditu, baina D'ont legeak zinegotzi bat gutxiagorekin utzi du.

Amurrion 264 herritar gehiagok babestu dute jeltzaleen zerrenda eta horri esker euren zinegotzi kopuruak gora egin du, 8 edukitzera arte. EH Bilduk 502 bozetan hobetu ditu emaitzak eta 2 zinegotzi gehiagotan handitu du bere ordezkapena. Horren ondorioz, Amurrioko udalbatzak anitzena izateari utziko dio, PP eta Amurrio Guk Bai ordezkaririk gabe geratu baitira.

Oro har, partaidetza udalerri guztietan igo da. Salbuespen bakarra Orozko izan da. Herritar gehiagok bozkatu izana islatu dute emaitza estuek. Arrankudiaga-Zollon eta Okondon 7 botoko abantailek erabaki dute nork gobernatuko duen eta Urduñan EH Bilduk 79 botoren aldearekin eutsi dio alkatetzari.

EAJ eta EH Bilduren hegemoniari erreparatuta, alderdi jeltzalearen eta koalizioaren indarra ez da mantendu soilik. Izan ere, euren nagusitasuna, nolabait, indartu da. Esaterako, Amurrion ez ezik, Laudion ere PPk ez du zinegotzirik izango.

Kopuru orokorretan, alderdi eta taldeen arteko ordezkaritza kopuruan agerikoa da zein sentsibilitate politikok agintzen duten Aiaraldean. Gauzak horrela, EAJk 41 ordezkari izango ditu eskualdeko udaletan, 9.320 boto (%39.7). EH Bilduk 38 kide elkartuko ditu udalbatzetan 7.231 bozekin (%30.8).

Bi alderdi horietatik nabarmen urrun geratzen da PSE-EE 3 zinegotzirekin eta 1.828 botorekin (%7.7) eta PP, ordezkari bakarra eskuratuta, indar politiko marjinala bilakatuta (930 boza, %3.96).

Talde independenteak, ordea, ugariak izango dira: Adiek 6 ordezkari ditu, Omniak eta Okondo Aurrerak hiruna, Orain Amurriok 1 eta Aiara Batuzek 1.

Akordioak?
Emaitzei erreparatuta, ez dirudi alderdien arteko akordioak erabakigarriak izango direnik. Urduñan, Arrankudiaga-Zollon, Artziniegan, Aiaran, Orozkon eta Arakaldon gehiengoak absolutuak dira.

Okondon ezinezkoa dirudi EH Bilduk eta Okondo Aurrerak bat egitea EAJ alkatetzatik aldentzeko, eta Laudion egoera antzekoa da, ezinbestekoa litzateke EH Bildu, PSE-EE eta Omnia elkartzea. Amurrion indar oreka ez da oso ezberdina zentzu horretan eta EAJri agintaritza kentzeko beharrezkoa litzateke EH Bilduk, Orain Amurriok eta PSE-EEk ahalegin bateratua egitea eta, dakigunez, sozialistek eta jeltzaleek koalizioan gobernatzen dute hainbat erakundetan; Arabako Foru Aldundian edota Eusko Jaurlaritzan. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide