Aiaraldea Ekintzen Faktoriako feminismo lantaldeak memoria historikoa biltzeko ekimen berri bat aurkeztu du: Aiaraldeko Tribial Feminista. Eskualdeko emakume esanguratsuen ezagutzak eta lorpenak aitortzea eta partekatzea da egitasmoaren helburua. Teknologia berriak baliatuta eratuko dute jokoa, Kahoot tresnaren bitartez. Hala, internet eta sakelakoetatik ere egongo da jolasteko aukera, "eta gure inguruko emakumeen historia ezagutzekoa".
Apirilaren amaieran Aiarako Emakumeen Gelan egin zuten lan saio irekia, eta bertan zehaztu zituzten egitasmoaren ezaugarriak. Orozkon iragan astean ospatu zen Topaketan eman zuten dinamikaren berri eta, ariketa kolektibo baten ondotik, 50 neska baino gehiagoren informazioa bildu dute. Herritarrei luzatutako eskaera honakoa da, "norberaren buruan edo inguruan dauden emakume esanguratsuen zerrenda bidaltzea, izen-abizenak, herria, jaiotza urtea (ahal dela) eta azalpen labur batekin". Hortaz, lana "sare lanean" osatuko dutela nabarmendu dute Faktoriako kideek, "elkarrekin ikastea, saretzea eta ahalduntzea ere baita helburua, gaur arte ez dugulako apenas jaso eskualdeko emakumeen erreferentziarik".
Ekarpenak egiteko aukera, zabalik
Proiektuari bide emateko lan-talde txiki bat sortzeko asmoa ere aurreratu dute. Hori dela eta, feminismoa@aiaraldea.eus helbidera mezua bidaltzeko eskatu diete parte hartzeko interesa duten emakumeei; edota tribialean lantzeko pertsonak proposatu nahi dituzten herritarrei.