Ekainaren 15ean alkate eta zinegotzi guztiek bere kargua hartuko dute; eta eskualdean, printzipioz, aurreikusi da zerrenda bozkatuenek ez dutela arazorik izango alkatetza eskuratzeko. Aintzat hartu beharra dago alderdi bozkatuenak ez gobernatzeko, gehiengo osoko alternatiba osatu behar duela oposizioak.
Gauzak horrela, Laudion EAJ izan zen irabazle argia, eta soilik EH Bildu, Omnia eta PSE-EE batuko balira ekidingo lukete jeltzaleek udal gobernu taldea izatea. Printzipioz, batura hori benetan arraroa izan ez ezik, litekeena da EAEn bestelako lekuetan bezala, jeltzaleak eta sozialistak elkarlana adostea ere boterean.
Amurrion antzeko egoera gertatuko da. EAJri tokia kentzeko EH Bildu, PSE-EE eta Orain Amurrio elkartu beharko lirateke, eta aski zaila da alderdi sozialistak hori egitea, Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan jeltzaleekin aliantza sendoa du eta. Urduñan, Aiaran, Artziniegan, Orozkon, Arrankudiaga-Zollon eta Arakaldon zalantzarako tarterik ez dago. Izan ere, Urduñan, Artziniegan eta Arakaldon EH Bilduk eskuratu du gehiengo osoa. Gauza bera egin du EAJk Aiaran eta Adie talde independenteak Orozkon.
Azkenik, Okondoko kasua dago. Herri horretan 7 botori esker gailendu da EAJ eta oposizioko alderdiek zinegotzi gehiago izango lituzkete indarrak batuz gero. Dena den, Okondo Aurrera EH Bilduren zatiketatik sortu bazen ere, ia ezinezkoa dirudi alderdi independenteak eta koalizio soberanistak akordiorik lortzea, bien arteko harremanak ez baitira batere onak.