Maiatzaren 27ko hauteskundeen ondorioz, eratu dira udal gobernu berriak Aiaraldean. EAJk eta EH Bilduk eskuratu dute babes gehien. Guztira, eskualdean 41 zinegotzi eta 4 alkatetza izango dituzte jeltzaleek (Laudio, Aiara, Okondo eta Amurrio); eta koalizio abertzaleak 38 hautetsi eta 4 alkatetza edukiko ditu (Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo eta Artziniega).
Alkate berrien adierazpenak
Okondoko udala izan da eratzen lehenbizikoa. 9:30ean izan da ekitaldia. Inbestidura saioan EH Bilduk ez du hautagaitzarik aurkeztu, Okondo Aurrerak Sergio Tato proposatu du alkate izateko; eta EAJk Jon Escuza. Bozketan, beraz, ez da gorabeherarik egon; eta Jon Escuza izendatu dute alkate. Jeltzaleak pozik hartu du kargua: "Ez zegoen argi alkate izango nintzenik. Ilusioz hartzen dut erronka, ardura handia izan arren. Herria hobetzeko jendeak parte hartzea nahi dut". Gehiengo sinplea izango dute jeltzaleek Okondon, baina akordioak sustatuko dituzte eta herria hobetzea izango dute erronka nagusi, Escuzaren esanetan.
Arakaldon goizeko hamarretan egin dute bilkura. EH Bilduko hiru zinegotzi baino ez dira bertaratu, eta hirurek bozkatu dute Jabi Asurmendi berriz alkate izendatzearen alde. Asurmendik oso pozik hartu du erabakia, eta herritarren aldeko lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi da, "herria delako alkaterik onena".
Arrankudiaga-Zollon 11:00etan elkartu dira udaletxean. EAJk eta EH Bilduk proposatu dituzte alkategaiak, eta bozketan koalizio abertzalea gailendu da. Ondorioz, Txutxi Ariznabarreta izendatu dute alkate. Bere hitzartzean azpimarratu du jende zoriontsua eta librea bizitzeko herriaren alde egingo dutela lan.
Amurrion Josune Irabien izendatu dute alkate, EAJren eta PSE-EEren botoekin, 12:00etan udaletxean egin den bilkuran. Eurengan konfiantza jarri duten herritarrei eta udalean sartu berri dien zinegotziei eskerrak eman dizkie Irabienek. Politikagintzan “duintasuna” sustatuko duela jakinarazi du alkateak, eta Udalbatzan emakumeen presentzia geroz eta handiagoa dela nabarmendu du, berdintasunaren alorrean “aitzindari” izandako Irene Novales zinegotzi sozialista gogora ekartzearekin batera. Iñaki Ibarluzeak ere hartu du hitza. EH Bilduko kideak jakinarazi du opozisio eraikitzailea egingo dutela, "herriaren interesetan zentratuta eta alderdikeriak albo batera utzita".
Laudion ordubete beranduago hasi da bilkura. Aurreikusi bezala, Ander Añibarro jeltzalea hautatu dute alkate izateko, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin da bozketan. Natxo Urkixo alkate ohiak zorterik onena opatu dio Añibarrori, eta aginte makila eman dio jarraian. Añibarro “hunkituta” sentitu da ekitaldian, eta Laudiorentzat “etapa berri bat” ireki dela jakinarazi du, “herria berriz mapan jartzeko garaia”.
Artziniegan ere eguerdiko hamabietan izan da plenoa. Joseba Vivanco hautatu dute alkate izateko. “Egun historikoa” izan dela adierazi du EH Bilduko kideak, eta astelehenetik aurrera udalean lanean hasiko direla aurreratu du.
Aiaran ere 12:00etan eratu dute udala. Udal talde guztiek proposatu dituzte zerrendaburuak gobernua eratzeko, eta Gentza Alamillo buru duen EAJren zerrenda nagusitu da. Izan ere, 6 aldeko boto jaso dituzte, EH Bilduk 3 eta Aiara Batuzek bat.
Urduñan, aldiz, 12:30ean izan da zita. Udalbatza aretoa jendez beteta, Lendoñobeiti, Lendoñogoiti eta Mendeikako alkateak izendatu dituzte lehenik. Ondoren, inbestidura saioari ekin diote, zinegotziek kargua hartutakoan. EAJ eta EH Bildu aurkeztu dira gobernuburu izateko, eta Itziar Bigurik jaso du boto gehien. Alkate gisa egindako hitzartzean "familia biologikoa, soziala eta politikoa" izan ditu gogoan.