Orkatz tokiko enpresak ukatu du "banda marroia" gaixotasunaren aurka osagai kaltegarriak erabiltzen ari direnik

Erredakzioa 2019ko uzt. 11a, 10:56

Pinudi gaixotuak Orozkon. / Aiaraldea.eus

Naturkon elkarte gipuzkoarrak oharra zabaldu du kritikatzeko "banda marroia" gaixotasunaren aurkako tratamenduak oxido kuprosoa baino osagai gehiago dituela, baina eskualdeko Orkatz enpresak hori ezeztatu du. Enpresako arduradunak azaldu du "Innobandas" programa esperimentala ere abiatu dela eta horretan osagai ekologikoak besterik ez direla baliatzen.

Naturkon elkarte ekologistak testua argitaratu du EAEn "banda marroia" gaixotasuna sortzen duen onddoaren aurka erabiltzen ari den tratamendua dela eta.

Elkarteak Baskegurreko (Euskadiko egurraren elkartea) zuzendariak egindako adierazpenen harira abiatu du salaketa. Izan ere, egurgileen ordezkariak aipatu zuen bestelako osagaiak erabiltzen ari direla banda marroiaren aurka.

Naturkonek nabarmendu du: "onddoen izurriteei aurre egiteko fungizida generiko eta sistemikoak (esaterako, metil-tiofanatoa) erabiltzen ari dira; hain zuzen ere, oxido kuprosoa baino askoz kaltegarriagoak ingurumenerako, eta beraz, gure osasunerako".

Zentzu horretan, elkarteak jakin nahi du lursail pribatuen jabeak informatuak izan diren horri buruz, fumigazio baimenetan dosiak jaso diren eta nork kontrolatzen dituen. Bide batez, Naturkonek uste du iruzurra gertatzen ari dela.

Oinarririk gabeko salaketa
Aiaraldeko Orkatz enpresak oxido kuprosoa baliatzen duen tratamendua garatu du Amurrion, Orozkon eta Gipuzkoako zenbait udalerritan eta Naturkonen salaketa guztiz ukatu du.

Enpresako buruak azaldu du bi jarduera nahastu dituela elkarteak: "Alde batetik, oxido kuprosoaren fumigazioa dago eta, bestetik, 'Innobandas' programa esperimentala".

Gauzak horrela, oxido kuprosoaren tratamendua ez ezik, probak ere abiatu dituzte Neikerrek eta Eusko Jaurlaritzak osagai ekologikoekin: "Landare olioak besterik ez dira erabiltzen 'Innobandas' programan. Osagai guztiak ekologikoak dira eta baimenduta daude nekazaritza ekologikoan. Hau argi geratu behar da, ekimen guztiz ekologikoa baita", azaldu dute Orkatzen.

Horrez gain, enpresan argitu dute "Innobandas" Eusko Jaurlaritzak eta Neikerrek hautatutako zenbait lursailetan egiten ari dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide