[ANALISIA] Laudio 1983 / Tafalla 2019: Uholdeak, auzolana eta elkar laguntza

Txabi Alvarado Bañares 2019ko uzt. 14a, 13:59
Eskuman, Tafallako auzolanetako irudi bat. Eskuman, Laudion 1983. urtean hartutako irudia. / Argia.eus eta Aiaraldea.eus

Tafallan jazotako uholdeak eta ondoren herria atontzeko eginiko auzolanek antzekotasun handia dute Laudion 1983an gertatutakoarekin.

Tafallan aste honetan jazotako bat-bateko uholdea ikusita, Laudion 1983. urtean gertatutakoa etorriko zitzaion burura seguru asko eskualde honetako bizilagun bati baino gehiagori. Ur-korronteak eramandako autoak, urperatutako eraikin eta errepideak... irudi asko berdinak dira kasu batean zein bestean.

Baina euriak eragindako hondamenditik harago, bestelako antzekotasunak sumatu daitezke bi kasuen artean. Tafallako uholdea handia izan den arren, are handiagoa izan da jarraian herrian egon den elkartasun oldea. Hala kontatzen du Haizea Lizarbe Boneta bizilagunak Argia.eus atarian eginiko elkarrizketan: “Gaua laguntzen eman zuten herritar askok. Hurrengo eguneko goizeko zortzietan jende gazte piloa batu zen kalean, non lagundu bilatzen”.

Antzeko zerbait gertatu zen Laudion duela ia 36 urte jazotako euritearen ostean. Modu espontaneoan, jende asko batu zen urak suntsitutako eraikin eta azpiegiturak berreraikitzeko auzolanetara. Aiaraldea hedabideak gertakariaren 30. urteurrenean plazaratutako dokumental honetan ederki ikusi daiteke hori:

Auzolanaren kultura
Muturreko egoeretan jendeak onena ateratzen duela esan ohi da sarritan. Auzolanaren kultura, baina, oso errotua dago Euskal Herrian, eta eskualdean ere badaude egunerokoan aurrera ateratzen diren ekimenak, hondamendien ondorioek motibatu gabe. Horren adibidea da duela bi aste Zollon eginiko auzolana. Mota horretako bi lan-egun egiten dituzte urtero herrian, komunak diren azpiegitura eta espazioak atontzeko.

Beste herri batzuetan ere badago mota horretako ekimenak egiteko ohitura. Urduñan ere hainbat auzolan deitu dituzte azken urteetan, hiriko hainbat azpiegitura atontzeko. Era berean, herritar talde baten elkarlanari esker ireki da berriki Urduña Hiria erakusketa gunea.

Hor daude baita ere SOS Lamuza Parkea plataformak bere lehen urteetan deitutako lan-egunak (parkeko eraikinak erortzeko arriskuaren alarma piztu zenean) edota eskualdeko hainbat gune autogestionatu atontzeko eginiko lanak.

Auzolanean egin dira eta egiten dira baita ere eskualdeko hainbat ekimen: Olentzero eta Maridomingiren kalejirak, hainbat herrietako jaiak, elkartasun ekimenak edota kirol probak. Geroz eta indibidualistagoa den jendarte batean bizi gara, merkatu librearen ozeanoan noraezean. Horren aurrean, komunitatea indartu eta errotzeko ezinbesteko tresna da auzolana, sistema kapitalistaren balioaren logikatik erabat aldentzen dena.

Hala ere, gaur egun auzolana ekimen puntualetan sakabanatutako zirimiria baino ez den arren, badu benetako uholde bihurtzeko potentzialtasuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide