Urtarrilean izan ziren Izoriako jaiak, eta bertan zela jasandako erasoa salatu du eskualdeko neska gazte batek. 15-16 urteko emakumeak Aiaraldea hedabideari adierazi dionez, mutil gazte batek eskua sartu zion parrandan zegoela: "Gau erdian festa eremutik kanpora joan nintzen, eta kalean nengoela hurbildu zitzaidan mutila. Elizaren atzealdean geunden, toki ilun batean, ez zegoen beste inor. Eskua praketatik nola sartu zidan gogoratzen dut, nola heltzen ninduen sexu harreman bila. Ezezko jarrera adierazteko bikotea nuela azpimarratu nion behin eta berriz, egoera saihesteko bizkar ematen saiatzen nintzen bitartean. Negarrez itzuli nintzen lagunen artera, dena kontatu nien, eta etxera joan nintzen".
Gazteak erruduntasun zama handia sentitu du azken 6 hilabeteetan, nabarmendu duenez: "Ez nekien nori kontatu, jendeak sinetsiko ote zidan... Zalantzan jarri nuen nire buruan argi gogoratzen nuena ere".
Denbora bat behar izan du gertatutakoa ulertu eta kanporatzeko:"Prozesu zaila eta gogorra izan da, presio asko sentitu dut. Lagunek ea ondo gogoratzen nuen pasatakoa galdetzen zidaten... Dena gorde dut isilpean, ez nekien nori eta nola kontatu".
Erasotzaileak hasieratik ukatu izan du dena dena, nerabearen esanetan: "Beste bertsio bat asmatu zuen, oso sinesgarria zena, mozkor nengoelako asmatu nuela dena. Lagunen bidez erasotzailearekin hitz egin eta onartzen bukatu zuen, baina asko kostatu zitzaion".
Horregatik mezu argia luzatu die neska gazteei: "Horrelako egoerak bizitzen badituzue konfiantza duzun pertsonari kontatu, ez zalantzan jarri uste eta sinisten duzuna. Zuk uste duzuna baino jende gehiago dago laguntzeko prest".
Nerabeen artean ematen diren eraso edo jarrera matxistez galdetuta, sare sozialetako -whatsapp eta instagram kasu- kontrolak azpimarratu ditu: "Ni eraso egin ninduenak, adibidez, neska askori bidaltzen dizkie bere argazki sexualak eurek eskatu gabe".
Aiaraldeko Mugimendu Feministarekin harremanetan jarri ondotik erabaki du egitea salaketa publiko. "Babes handia jaso dut, salatzera animatu naute. Inportantea da horrelako gauzak jakitea. Gertatutakoa larria da, sexu erasoa da. Kontzientzia handitu zait Mugimendu feministari esker, eta jendeak honen inguruan pentsatzea eta bere jarrera aldatzea ere nahiko nuke".
Aurtengo laugarren salaketa publikoa
Orotara, gaur arte 4 dira Aiaraldean publikoki salatutako gertaerak. Zentzu horretan, edozein motatako biolentzia matxista bizitzen dabiltzan emakumeei babes osoa helarazteaz gain, salatzeko deia luzatu diete.
Harremanetan jartzeko tokiko talde feministengana jotzeko gonbita luzatu dute, "edota aiaraldekomugimendufeminista@gmail.com helbidearen bidez harremanetan jarri".
Bestalde, mota horretako eraso eta jarrerak ekiditeko ekimen ezberdinak egingo ditu Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Ostiralean egin zuten agerraldia Aretako jaietan.