[IRITZIA] Uda gehiagorik ez reggeatoi euskaldunik gabe

Aitor Aspuru Saez 2019ko ira. 29a, 09:51

Erretes Lantenoko jaietan hartutako irudia.

Udako jai ibilbidea bukatu da, eta jende askok bere gorputza astindu du reggeatoiaren erritmora. Dantza horiek hauspotu dituen abestietako bat ere ez da euskaraz izan.

Euskararen erabilera bizitzako esparru guztietara eramateko borrokak etengabeko eraldaketa behar badu, musikaren esparruan atzean geratzen ari dela bistakoa da. Izan ere, gure inguruan ohiko ospakizunak eta kontzertu handiak kenduta, DJ emanaldiek agintzen dute jendetza -bereziki gaztea- elkartzeko orduan, eta jaiak ez dira salbuespena (Laudioko Odoloste Eguna adibide argia da, txosnak gainezka egon baitziren DJ Masarekin).

DJ emanaldi jendetsuetako publiko horrek, oro har, euskaraz ikasi du, baina bere kultura erreferenteak hizkuntza horretatik urrun daude eta, ondorioz, geroz eta arrotzagoa zaio hizkuntza, bere egunerokotasunean ez baitauka islarik.

Izan ere, Euskal Herria txikia da, eta nekez egin diezaioke aurre entretenimendu plataforma handiei (izan Netflix edo Movistar+). Dirua, ausardia eta talentua beharrezkoak dira horretarako, eta daukagun EITB ereduak gutxitan dauka horrelakorik. Diru faltari erantsi behar zaio, gehienetan, hedabide espainiarrek zabaldutako programak kopiatzera mugatzen dela telebista publikoa: Vascos por el mundo, esaterako.

Errealitate horri izkin egiteko, ziurrenik, HBOk grabatu duen Patria telesaioaren aurrean ez dugu crowfunding bat egingo Aberria ekoizteko, baina ekimen xumeagoak ditugu eskura euskara aisialdi eta kulturaren lehen lerrora eramateko. Musikaren eredua arrakastatsua izan da azken hamarkadetan, adibidez.

Beraz, reggaetoiaren kasuan zergatik egiratzen du beste alde batera musika mota berrietara moldatzeko gaitasun handia erakutsi duen euskal kulturgintzak? Estilo gehienetan topatu ditzakegu erreferente baliagarriak, heavytik (Su Ta Gar) eurodancera (Hemendik At!), pop musikatik igarota (Gatibu). Maiz euskal taldeek ikusgarritasuna lortu dute eta baita jaien eremuaren erdian jartzeko trebezia erakutsi ere. Batzutan atzerriko taldeen miresle sutsuek aitortu behar izan dute tokikoak hobeak zirela (Dut-en edo Anesteria-ren kasuetan, esaterako).

Edonola ere, reggeatoiak gazteen abestien zerrenden ehuneko handiena okupatzen duen bitartean, euskal musikak ez du eskaintzarik. Nekez sinetsi dezakegu euskal musikariek estilo hori ez dutenik entzuten edo ezagutzen. Hortaz, zaila da ulertzea zergatik ez dugun ia reggeatoi euskaldunik. Egia da Gorpuzkingz taldekoek abestiren bat sortu dutela, baina trapa egiterakoan bikainak badira ere, ezin dezakegu gauza bera esan autotunea baliatzen dutenean.



Hutsune hori justifikatzeko, baten batek argudiatu dezake reggaetoia ezinbestez matxista dela, baina duela aste batzuk Iraia Pereirok eta Mikel Ayllonek gogoratu ziguten Aiaraldea.eus-en reggeatoia musika estiloa besterik ez dela. Ez dauka berezko ezaugarri matxistarik, edo ez behintzat, bestelako estiloak baino gehiago.

Malumaren abestiak sexistak direla? Izan daiteke, baina Sex Pistols taldeko baxu-joleak bere neskalaguna erail zuen, adibidez, eta punka ez dugu matxismoari lotzen zuzenean. Bestalde, heavy, indie eta metal taldeak zakil kofradiak dira gehienetan, eta pop musika mainstreama ez dago matxismotik salbu. Batzuek, Joaquín Sabinak bezala, poesia erabilita estaltzen dute harreman toxikoen gorazarrea ("y morirme contigo si te matas, y matarme contigo si te mueres, porque el amor cuando no muere, mata"), adibidez.

Euskal Herriko kulturan aldarean ditugun beste hainbat taldek ere harri bitxiak utzi dituzte generoari dagokionez: RIP ("Puta, puta, eres la marrana del champán (...) eres una guarra de verdad"), Eskorbuto ("con mujeres, joder, joder, joder") edo Cicatriz (“Me voy a beber este whisky de un trago. Después te arrancaré las jodidas bragas. Te voy a enseñar un cuello de pavo que no olvidarás jamás”) eta, hala ere, gure txosna eta jai guneen oinarrizko klasikoak dira (baita gure hezkuntza sentimentalean ere).



Orduan, zergatik dago erresistentzia edo gogo txar hori reggaetorari dagokionez? Esan bezala, matxismoa ezin zaio ezinbestez leporatu, eta badaude reggaetoi talde feministak Euskal Herrira etortzen direnak (Tremenda Jauría, kasu).



Arrazismoa eta klasismoa ere aipatu ditzakegu; reggaetoia 3. munduko herrialde kolonizatuetan sortutakoa baita. Beste musika estilo batzuekin alderatuta (artista zuri eta europarrek edo iparamerikarrek bultzatutakoak) glamour gutxi dauka agian.

Azkenik, izan daiteke euskaldunok ditugun egurrezko aldakentzat erronka handiegia izatea musika horren erritmoa.

Gauzak horrela, ez dut sumatzen ganorazko arrazoirik reggaetoiak ordezkaririk ez izateko Euskal Herrian. Aitzindaria izateak, gainera, eremu guztia libre uzten du nahi ditugun balio eraldatzaileak sustatzeko (feminismoa, adibidez) eta hainbat gazteren aisialdian sartzeko.

Horregatik guztiagatik, uda gehiagorik ez euskal reggaetoirik gabe!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide